Ekainaren 24an igerilekuak irekitzea eta ur parkeen ordutegia luzatzea eskatu du Arrasateko EAJk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko ekainaren 22a

Musakolako kanpoko igerilekuak.

Bero boladaren testuinguruan, San Juan Egunean Musakolako kanpoko igerilekuak "salbuespen gisa" irekitzea eta ur parkeen ordutegia 23:00ak arte luzatzea eskatu du Arrasateko EAJk, ohar bidez: "Udal baliabideak errealitatera egokitzea erantzukizun eta sen oneko kontua da". 

EAJk Udal Gobernuari eskatu dio "salbuespenezko neurriak" har ditzala: "Herritarren ongizatea bermatzeko, bereziki umeen, adinekoen eta kolektibo zaurgarrien ongizatea bermatzeko". 

Ildo horretan, talde jeltzaleak bi proposamen zehatz jarri ditu mahai gainean: batetik, Musakolako kanpoko igerilekuak, ekainaren 24ko San Juan egunean itxita egoteko aurreikusita daudenak, salbuespen gisa egun horretan ireki ahal izatea, aisialdirako alternatiba bat eskaintzeko eta beroaren ondorioak arintzeko. Eta, bestetik, bero boladak irauten duen bitartean, herriko ur txorroten parkeak 23:00ak arte aktibo mantentzea proposatzen da, ohiko ordutegia luzatuz.

Talde jeltzaleak azpimarratu du neurri errazak direla, berehala aplikatu daitezkeenak eta inpaktu handikoak, batez ere gero eta muturreko testuinguru klimatikoan: "San Juan oso egun berezia da Arrasaterentzat, baina ezin dugu ahaztu tenperatura altuek jaiaz gozatzea baldintzatu dezaketela eta osasunerako arriskutsua izan daitekeela. Udal baliabideak errealitate horretara egokitzea erantzukizun eta sen oneko kontua da", dio EAJko bozeramaile Ander Garayk. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak