Udala auzora joateko autobus zerbitzua egubakoitzean abiatuko dute

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko ekainaren 15a

Irailaren 13ra arte, asteburu guztietan egongo da, egubakoitzetan, zapatuetan eta domeketan.10:00etan aterako da lehen autobusa erdigunetik eta 21:30etan aterako da azkena Udala auzotik.

Arrasateko Udalak 2024an jarri zuen lehenengoz Udala auzorako autobus zerbitzua, auto-pilaketen arazoari aurre egiteko asmoz. "Auzo horretako bizilagunek urte luzetan eskatu dute trafiko arauak zorrotzago betearaztea, izan ere, gaizki aparkatutako ibilgailuek sarritan oztopatzen dute errepideko zirkulazioa, eta horrek ondorio larriak izan ditzake".

Autobus zerbitzuari dagokionez, ekainaren 19tik irailaren 13ra arte egongo da martxan, egubakoitzetan, zapatuetan eta domeketan; eta hiru geltoki izango ditu: San Frantzisko (2. linea), Erguin (2. linea) eta Udala auzoa.

Bidaia bakoitzaren kostua 0,50 euro izango da eta eskudirutan ordaindu beharko da –ez da onartzen Lurraldebus/Mugi txartela). Ordutegia, aldiz, honako hau izango da:

  • Arrasate → Udala:
    10:00, 11:00, 12:00, 13:00, 14:00, 14:30, 15:00, 15:30, 16:00, 16:30, 17:00, 18:00, 19:00, 20:00, 21:00.
  • Udala → Arrasate:
    10:30, 11:30, 12:30, 13:30, 14:15, 14:45, 15:15, 15:45, 16:15, 16:45, 17:30, 18:30, 19:30, 20:30, 21:30.

Auto-pilaketak Udalan

Udalan auto-pilaketa handiak egon ohi dira, bereziki udan. "Udaltzaingoak dagoeneko jakinarazi du auto masifikazioak larrialdi-zerbitzuetarako (anbulantziak edo suhiltzaileak) dakarren arriskua. Larrialdi-egoera sortuko balitz, ezingo litzateke bermatu zerbitzu horiek iritsiko direnik. Adibidez, duela bi urte, anbulantzia bat ezin izan zen auzora sartu, auto-pilaketagatik", azaldu du Udalak, ohar bidez.

Horrez gain, baserrietako sarrera-irteerak ere blokeatuta geratzen dira, eta horrek eragiten du auzotarrek beren lanerako ezinbestekoak dituzten traktoreak eta bestelako tresnak erabiltzea ezinezko izatea. "Ondorioz, Udaltzaingoak trafikoaren zaintza zorrotzagoa egingo du, eta gaizki aparkatutako ibilgailuek isunak jaso ditzakete. Helburua da errepidearen segurtasuna bermatzea eta auzoko bizikidetza errespetatzea".

Azkenik, hainbat aholku eman ditu Udalak arazoak saihesteko: "Erabili garraio publikoa ostiraletik igandera; partekatu ibilgailuak; aparkatu soilik leku seinalatuetan; Udalara igotzeko, natur bideak erabili; eta errespetatu auzoa eta natur ingurunearen lasaitasuna".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak