Joseba Ormaetxea eta Ainhoa Arana: "Herritar guztiak elkartzeko gai direla erakutsi dute Arrasateko Gazte Olinpiadek"

Ibai Irasuegi Garai 2026ko ekainaren 15a

Gazte olinpiaden antolatzaile Joseba Ormaetxea eta Ainhoa Arana, Monterronen. Argazkia: Ibai Irasuegi.

Zapatu honetan, ekainak 20, ospatuko dira Arrasateko Gazte Olinpiadak hirugarrenez. 68 talde eta mila arrasatear inguru lehiatuko dira herriko kaleetan, eta goizeko bederatzietan hasi eta gaueko hamabietara arteko egitarau batez lagunduta, "ahaztuko ez den" egun bat izango dela adierazi dute Arrasateko Gazte Olinpiadetako antolatzaile diren Ainhoa Aranak (Arrasate, 1996) eta Joseba Ormaetxeak (Arrasate, 1999).

Dena prest duzue zapaturako?

Ainhoa Arana: Hilabete batzuk daramagu eguna antolatzen, eta dagoeneko eman dugu denaren berri; finalaren gainean, berriz, ez dugu ezer esan. Dena prest dago, eta, final horretaz oraindik ezer esan ezin badugu ere, hirugarren edizio honek itxura oso ona dauka.

Horrelako ekimen bat antolatzeko zenbateko lehentasunarekin hasten zarete?

Joseba Ormaetxea: San Juan jaien ostean egiten dugu edizio bakoitzaren balorazioa, eta gero, hilabete batzuetan atseden hartzen dugu. Gabonetan elkartzen gara lehenengo aldiz, apurka-apurka hasten gara batzen, eta hilabete batzuk falta direnean bete-betean jartzen gara, bi astean behin biltzen. 

"Nahi dugu ahalik eta jende gehienarengana iritsi; horren harira, gustatuko litzaiguke ahalik eta ekimen zabalena izatea"

Aurten, azpimarra berezia egin duzue hain gazteak ez direnek izena eman dezaten.

J.O.: Espero bezala, 18 eta 25 urte arteko talde askok eman dute izena, eta horrela izaten da beti. Edozelan ere, talde asko daude adin tarte horretatik kanpo. Esaterako, aurten, 54 urteko kuadrilla batek eman du izena, eta beste batek interesa erakutsi du. 

A.A.: Nahi dugu ahalik eta jende gehienarengana iritsi. Eta, horren harira, gustatuko litzaiguke ahalik eta ekimen zabalena izatea. Izan ere, argi dugu 40 eta adin horretatik goragoko jendeak ere ongi pasatu dezakeela; horietako asko umeak baino txarragoak izango dira, gainera; kar-kar. 

Zer izango dute Gazte Olinpiadek hasieratik amaierara arte?

J.O.: Lehen urtetik aldatzen joan dira Gazte Olinpiadak. Ikusi dugu jendeari zer gustatzen zaion eta zer ez, eta saiatu gara jendeari gustatzen zaion hori mantentzen, eta gustatzen ez den hori guztiori aldatzen. Aurreko urtean ikusi genuen gosariak ongi funtzionatu zuela eta jende asko batu zela. Horrenbestez, herri gosariarekin hasiko da eguna aurten ere. Ondoren, diana egingo da, Zaldibarrera bidean; bertan, Gazte Olinpiadak aurkeztu eta taldeak banatuko ditugu. Nondik norakoak azalduko ditugu, eta orduantxe hasiko dira goizeko jokoak. Kuadrillak eta taldeak hasiko dira guneetara joaten, jokoak egiteko, eta gero, Arrasate Rugby Taldeak emandako bazkaria egongo da, Kondekuan. 

A.A.: Bazkalostean hasiko da eliminazio fasea. Final laurdenak Biterin eta Zaldibarren, finalerdiak Zaldibarren, eta, bukatzeko, txarangarekin joango gara Monterronera, eta bertan jokatuko da finala. Eguna, baina, ez da horrekin amaituko. Finalaren ostean, Fitoskins eta Gozategi taldeen kontzertuekin amaituko dira Gazte Olinpiadak.  

Zer alderdi saiatu zarete indartzen edizio honetan?

J.O.: Egia esan, orain arte egin ditugun gauza askok nahiko ongi funtzionatu dute eta mantendu egin ditugu. Antolatzeko orduan, alde batetik, jokoek dibertigarriak izan behar dute, bai jokatzen dutenentzat eta bai ikusten daudenentzat ere. Ikusi dugu, adibidez, jendeari orokorrean zer-nolako joko motak gustatzen zaizkion, zer den jokatzeko dibertigarriena, orokorrean zer egoten den parekatuen parte-hartzaileen artean, kanpotik ikusten dabiltzanei ze gustatzen zaien gehien, nola ikusten diren jokoak... 

"Mundu guztiarentzako jokoak antolatzen saiatu gara, denek gozatu ahal izateko"

A.A.: Era berean, saiatzea joko askotan indarra, pisua edo korrika azkar egitea zerbait hain erabakigarria ez izaten. Mundu guztiarentzako jokoak izatea, eta orekatuak; horrela, denek gozatu ahal izateko eta aukerak ahalik eta gehien zabaltzeko.

Zerk berezituko ditu hirugarren Gazte Olinpiadak aurrekoetatik?

J.O.: Alde batetik, berezia izango da finala Monterronera eramatea. Gainera, txaranga eta kontzertuak egongo dira gauean; orduan, goizeko bederatzietatik gaueko hamabiak arte iraungo duen ekitaldia izango da. Beste alde batetik, aurtengo aldaketa nabarmen bat izango da taldeek izena emateko jokalari kopurua aldatu denez jende berri gehiago dagoela eta aurretik izenik eman ezin zuten talde batzuk daudela. 

A.A.: Bestela, formatua iazko berbera izango da. Aurten saiatu gara finala Monterron ingurura eramaten, eta, une batzuk ikusi ezin izango badira ere, Monterronen hasi eta Monterronen bertan izango da finala. 

Nondik etorri zen, duela hiru urte, horrelako egun bat data horretan antolatzearen ideia?

"Ideia sortu zen sumatzen genuelako Arrasaten gazteentzako egun baten falta zegoela"

J.O.: Lehen urtean arraro samarra izan zen egunaren aukeraketa. Bagenekien San Juan egunaren bueltan egingo zela; izan ere, egun horretan etortzen da jende gehien Arrasatera, eta, nahi genuenez ahalik eta jende gehienak parte hartzea, erabaki zen San Juan aurreko larunbatean egitea. Ez dauka zertan horrela jarraitu, baina, azken finean, ideia sortu zen sumatzen genuelako Arrasaten gazteentzako egun baten falta zegoela. Lagunen edota kuadrillen artean zerbait egitea izan da asmoa hasieratik; herri batzuetan kinto edota kuadrilla egunak egiten dituzte, eta pentsatu genuen hemen ere horrelako zerbait egitea. 

Zergatik izan dute arrakasta?

A.A.: Aitzakia bat ere bada denok elkartzeko. Arrasaten 23.000 biztanle bizi gara, eta ez dago horrelako ekimenik. Badaude gazteei zuzenduta dauden eskaintza kulturalak, baina esango nuke musikan edota kirolean oinarrituta daudela gehienak. Hori horrela, herritar guztiak elkartzeko gai direla erakutsi dute Gazte Olinpiadek. Horrek motibatzen du jendea. Xarma hori badauka. 

Zapatura begira, zer mezu duzue arrasatearrendako?

J.O.: Urtean zehar behin bakarrik izaten da egun hori; horrenbestez, aprobetxa dezatela. Ahalik eta ondoen pasatzea, kiroltasunarekin beti, eta jendea ezagutzeko aukera ez galtzea, ahazten ez den egun bat baita. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak