Errioxako enpresari talde batek Astore erosi du 60.000 euroren truke

Koldo Zubia Salas 2026ko ekainaren 8a

Astoreren bulegoak, Arrasaten.

Errioxako Oxium izeneko enpresari taldeak Astore erosi du 60.000 euroren truke. Ternua Group hartzekodunen lehiaketara aurkeztu zenetik saltzeko gelditzen zen bakarra Astore izanik, behin betiko itxi da prozesu hori. 

Duela urtebete aurkeztu zen Ternua Group borondatezko hartzekodunen lehiaketara, ezin ziolako 16 milioiko zorrari aurre egin. Hala, taldearen baitako markak saltzen joan dira pixkanaka: Ternua, Dikar kooperatibak erosi zuen; Loreak Mendian marka sortzaile ohiek; eta, Lorpen berriz, enpresako langileek. Saltzeko gelditzen zena, Astore zen, hain zuzen. Eta, hainbat komunikabidek baieztatu dutenez, Errioxako Oxium enpresak erosi du azkenean kirol-arropa marka historikoa, 60.000 euroren truke -72.600 euro BEZa barne-.

Maspormenos-ekin lotura

Errioxako Arnedon egoitza duen sozietate mugatua, Maspormenos enpresarekin lotuta dago; urtarrilean Astoreren stock guztia erosi zuen enpresa. Orain, Astore bera erosi du Oxiumek, baina ez ezarritako hasierako prezioan, hau da, 150.000 euro, –markaren potentziala eta webguneko bisiten azterketan ezarritako prezioa–, baizik eta 60.000 euro eta 12.600 euroko BEZaren truke.

Hartzekodunen lehiaketa amaituta

Azken salmenta honekin, amaitutzat ematen da Ternua Group-en  hartzekodunen prozedura, duela urtebete Debagoieneko eskualdea astindu zuena. Azkenean, ehun bat lanpostu salbatu dira, eta kaleratze-espedientean geratu ziren Ternua Group-eko 70 langileek dagokien kalte-ordaina jaso zuten, –guztira, 2,5 milioi euro baino gehiago– Fogasara jo beharrik gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak