Errioxako Maspormenos enpresak Astore ehungintza-enpresaren stock guztia erosi du; modu horretan, Arrasateko markaren arropei aterabidea eman diete. Urtarrilean egin zen material guztiaren jabe Arnedon kokatutako enpresa, eta, geroztik, haien dendetan eros daitezke 1988an sortutako marka historikoaren arropak.
Zenbait komunikabidek azaldu dutenez, Maspormenosen jabe diren bi anaiek aukera paregabea ikusi zuten marka ezagun baten kalitatezko arropa eskuratzeko. Beste hainbat arropa-markaren artean, Ternuako arropak ere saltzen dituzte.
Euskal Herrian eskuragarri
Maspormenosek, osotara, sei denda fisiko ditu Euskal Herrian: Gasteizen, Tolosan, Zarautzen, Oiartzunen, Urdazubin eta Antsoainen. Horrenbestez, denda horietan salgai izango dira Astore markako produktuak, eta, orain arte bezala, inguruko bestelako kirol dendetan ere eskuragarri jarraitzen dute.
Abenduan saretik kendu
Abenduan eten zituen Astorek Internet bidezko salmentak. Egun, astore.es atarian sartzen den edonork Onlineko salmenta aldi baterako desaktibatuta dioen testua irakurriko du. Abenduan esan zenaren arabera, salmenta-kopuru txikiak bultzatuta eten zuen Arrasateko enpresak Internet bidez arropa erosteko aukera. Hala ere, Astoreren gertuko jendeak GOIENAri azaldu dionez, baliteke Internet bidezko salmentak etetea eta Maspormenosek stocka erosi izana lotuta egotea.
Eroslerik ez, oraindik
2025eko ekainean aurkeztu zuen Ternua Groupek borondatezko hartzekodunen lehiaketa Donostiako auzitegian, ezin ziolako 16 milioi euroko zorrari aurre egin. Taldeko beste hiru markak gertuko enpresei saldu zizkien: Loreak Mendian Irungo Borobitex enpresari, 800.000 eurogatik; Ternua Mondragon Talde barruko Dikarri, 1,5 milioi eurogatik; eta Lorpen Ternua taldeko langile izandako talde bati, 400.000 eurogatik. Hori ez da Astoreren kasua izan. Urtarrilean, euskal kirol talde ugari jantzi dituen marka erosteko interesa agertu zuten hiruzpalau enpresak, eta, horren eraginez, enkartea egingo zutela jakinarazi zen, baina, oraindik, eroslerik gabe jarraitzen du.