Mondrak gaur, atzo ARTk sare sozialetan argitaratutako komunikatuari erantzun dio, "ibilbide miresgarria duen erakunde bati dagokion errespetuz". Klub zuri-moretik "ulertzen" dute Mondra Eguneko eta Garagardo Azokako datak bat etortzeak "deserosotasuna sortzen duela", eta, gaineratu dutenez, egutegia "ez da inorentzat egokiena".
Mondra Eguna berreskuratzea helburu
Hori argitu ostean, aipatu dute, Mondrak abenduan bizi izandako "krisi larriaren" ondoren, zuzendaritza berria sartu zela klubera. Hala, zuzendaritza berri horrek, "lehen egunetik" zuen "helburu argi bat", Mondra Eguna "berreskuratzea" zela azaldu dute: "Lehen existitzen zen ekitaldia da, askok gogoratzen dutena, eta 1913an sortutako klub honen zein herri honen nortasunaren parte dena".
Mondraren arabera, euren asmoa udal-prozesura eramatean, Arrasateko egutegia "neurri handi batean jada adostuta zegoen"; neurri horretako ekitaldi baterako erabilgarri zeuden datak maiatzaren 28tik 30era artekoak izanik –horren alternatiba, Mondra Eguna "ez ospatzea" zen–. Horiek horrela, "aurrera egitea" erabaki zuten: "ez datak egokienak zirelako, baizik eta proiektuak hala eskatzen zuelako".
Jendea "biltzeko" sortua
Horrekin lotuta, Mondra Eguna jendea "biltzeko" sortu dela gaineratu dute: "Arrasateko milaka eta milaka lagunek jantzi dute Mondraren elastikoa 100 urte baino gehiagoko historian. Ia 600 bazkide eta 600 jokalari dituen klub batek espazio handiak eta jarduera askotarikoak behar ditu bere eguna ospatzeko. Ez dugu inor kopiatzen, ezta inorekin lehiatzen ere; bere dimentsioari eta bere historiari erantzuten dio. Aurten, denbora luzean lehen aldiz, klubeko bazkaria Herriko Plazan egingo da. Dagokion tokian". Mondrak, azkenik, Arrasateko klub eta elkarteen artean "egutegi koordinatu bat" sortzeko, "edozein hausnarketa kolektibotan" aktiboki parte hartzeko "konpromisoa" azaldu du.