Diotenez, "aspaldian" ez du Mondrak antolatu halako jairik: "Hiru eguneko festa, helburua argiekin: klubak bere herriarekin duen lotura berreskuratzea eta modu indartsuago batean ehuntzea. Maiatzaren 28tik 30era Herriko plaza eta Biteri plaza bilakatuko dira Arrasateko elkarguneak, jokalari, familia, teknikari, bazkide eta bizilagunen topaleku".
Hiru egunetako egitaraua
Maiatzaren 28an, pintxo-poteoarekin zabalduko dugu karpa, Herriko plazan: "Babesleendako txoko bat izango dugu, baita bazkideentzat ere. Hortik trikitilariekin poteotxo batean abiatuko gara taberna laguntzaileetatik. Asteburuko aperitiboa izango da".
Mondra Egunarekin klubaren eta herriaren arteko lotura berreskuratu nahi dute
Maiatzaren 29a, berriz, "berezia" izango da. 20:00etan, Herriko Plazan, omenaldi bat egingo zaie herrian eta kluba markatzen lagundu duten pertsonei: "Ez soilik lorpen kirolariengatik, baizik eta balio, dedikazio eta komunitatearenganako konpromisoarengatik. Emakumezkoen futbolak ere lekua izango du. Mondrak lau emakumezko talde ditu gaur egun –alebina, infantila, kadetea eta seniorra–, eta argi daukagu emakumezkoen futbola klubaren etorkizuna dela". Ondoren, Emeki taldeak eta DJ Grasoterek musika eskainiko dute gaua borobiltzeko.
Azkenik, maiatzaren 30a izango da "festa bete-beteko" eguna. Eguerdian, Biteri plazan txikientzako jarduerak egongo dira: puzgarriak, futbol-jolasak eta txosna: "Herriko umeek futbola eta jolasa bizi dezaten, era osasuntsuan. Klubaren etorkizuna gaur egungo haurretan dago, hurrengo hamarkadetan jokalari egingo direnak. Denon artean landu beharreko etorkizuna da, eurengatik batez ere, eta baita Arrasateko futbolagatik", diote. Arratsaldean, Herriko Plazan, klubeko bazkaria ospatuko dute, eta ondoren, haragi dastatzea izango dute. Gainera, txaranga-poteo Morea ere egingo dute taberna laguntzaileen artean. Eta egitarauarekin amaitzeko, herriko bi talde: Total Distortion eta Sindy Berbenas.
Jarraian, Mondrak antolatu duen egitaraua:
