Mondrak hilaren 29an, 30ean eta 31n ospatuko du Mondra Eguna. Arrasateko Herriko Plazan txosna gunea jarriko du, herritarren eta taldea osatzen duten kideen gozamenerako, eta omenaldi ekitaldia, musika emanaldiak eta jateko eta edateko eskaintza izango dira, besteak beste, futbol taldeak egun horietarako antolatu dituen ekimenak.
Aurrekariak
Arrasate Rugby Taldeak 26 urte daramatza Garagardo Azoka antolatzen, eta, urtero bezala, aurten ere, ekaineko lehen astean ospatuko da; Mondra Eguna baino astebete beranduago, hain zuzen.
Errugbi taldeak azaldu duenez, otsailaren hasieran aurkeztu zion Udalari Garagardo Azoka ekaineko lehen asteburuan egiteko eskaera, eta horren harira jakin zuen futbol klubaren asmoen berri: "Martxo erdialdean, Udalak ART-ri jakinarazi zion Mondragon CFk Herriko Plazan 500 pertsonarentzako klubeko ekitaldi bat antolatzeko eskaera egin zuela gure jaiaren aurreko larunbaterako. ART-tik adierazi genuen ekimen horren berririk ez genuela, eta antolatzailearen aldetik ez genuela aurretiazko komunikaziorik jaso".
Horren aurrean, ART-k jakinarazi du Mondrak beste data edo kokapen bat bilatzeko aukera planteatu ziola Udalari, baina Udalak erantzun zuela ez zegoela data alternatibo hurbilik eskuragarri, ezta tamaina horretako ekitaldi bat hartzeko beste espazio egokirik ere.
Arrasate Rugby Taldetik berri eman dutenez, Mondraren aldetik jasotako zuzeneko komunikazio bakarra maiatzaren 8an izan zen, eta soilik Autobabes Planaren gastuak partekatzeko aukerarekin lotuta zegoen; dokumentu hori derrigorrezkoa da mota horretako jardueretarako, lege eta prebentzio arrazoiak direla medio. "ART-tik, orduan, ekitaldiari buruzko informazio zehatza posta elektronikoz jasotzea eskatu genuen, baina komunikazio hori ez zen inoiz iritsi", erantsi dute.
Kezkaren arrazoiak
Egoera horren aurrean, sare sozialen bitartez, Arrasate Rugby Taldeak kezka adierazi du, "Garagardo Azokaren antzeko bi ekitaldi jarraian egingo" direlako: "Egoera horrek saturazio sozial eta ekonomikoa eragin dezake errugbi taldearentzat; eta eragin potentziala izan dezake bertaratzen direnengan, babesleengan, boluntarioengan eta ekitaldiaren etorkizuneko jasangarritasunean".
Hausnarketarako deia
Errugbi taldeak adierazi du, Garagardo Azoka amaitzean, Zuzendaritza batzordeak "hausnarketa sakona" egingo duela gertatutakoaren inguruan: "Etorkizuneko edizioen bideragarritasuna eta jarraipena aztertuko dira, eta hemendik aurrera ekitaldia mantentzeko beharrezko baldintzen berrikuspena egingo da".