'Smartlog Ointxe 3x3' taldeak irabazi du Valencia Basketek antolatutako hiruko txapelketa

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 18a

Ointxeko neska-mutilak Valentzian jokatutako txapelketako saria eskuan dutela. Argazkia: Ointxe

Emakumezkoen Smartlog Ointxe taldeko Irene Muruak, Naroa Zabalak, Mama DeMbelek eta Izar Bediak Valentzian jokatutako L’Alqueria Open hiruko txapelketa irabazi dute, Valentzia Basket 3x3 16-14 garaituta. Txapelketa berean aritu dira Mondragon Unibertsitateko gizonezkoak ere, baina ez dute zorte bera izan.

Iaz egin bezala, Ointxeko jokalari batzuek saskibaloiko hiruko modalitateari ekin diote denboraldia amaitu ostean. Emakumezkoek modalitate horretan lortutako emaitza ikusgarriek, mundu mailako selekzio onenen aurka lehiatzera eraman zuten Arrasateko taldea. Lorpen horren protagonistak izan ziren Irene Murua, Naroa Zabala eta Izar Bediari, Mama DeMbele gehitu zaie aurtengoan. Laukotea, Valentzian jokatutako L'Alqueria Open hiruko txapelketan aritu da, eta jokatutako sei partiduak irabazita lortu dute garaipena.

Multzokako fasean Titans Adareva, Valentzia Basket eta Ontibasket menderatu zitutzen; 15-10, 21-20 eta 19-12, hurrenez hurren. Final laurdenetan, Loriguillarren gainetik pasatu ziten Ointxekoak 21 eta 6 irabazita. Final-erdietan Titans taldea menderatu zuten, (15-13). Azkenik, finalean, Valentzia Basket 3x3-ren aurka neurtu zituzten indarrak; final parekatua izan zen, Izar Bediaren azken segundoko hiruko batekin erabaki zena Smartlog Ointxeren alde (16-14).

Garaipena bakarrik ez, txapelketako MVP-a ere izendatu zuten Irene Murua arrasatearra, lehiaketa osoan zehar erakutsitako mailagatik eta kantxan erakutsitako "lider" izaeragatik. Valentziako garaipen honekin, estatuko zirkuituko erreferentziazko taldeetako bat dela berretsi du Smartlog Ointxe 3x3-k.

Gizonezkoen parte-hartzea

Emakumezkoekin batera, Mondragon Unibertsitatea Ointxeko gizonezkoen hiruko taldeak ere hartu zuen parte txapelketa horretan. Taldeak amaierara arte lehiatu zituen Root/Jurmala eta Heathcheck-en aurka jokatutako norgehiagokak, baina ezin izan zuen partidurik irabazi; 16-20 eta 21-22 amaitu ziren. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak