Ointxe saskibaloi taldeak hiruko elite mailako proiektu bat jarri du abian; saskibaloi modalitate horren aldeko apustua egin du. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten proiektua, Mondragon Hotelean, eta, nondik norakoak azaltzeaz gain, ekitaldia baliatu zuten proiektua osatuko duten nesken eta mutilen taldeak aurkezteko.
Apustu estrategikoa
Iñaki Ogarak, proiektuaren antolatzaileak, adierazi duenez, "apustu estrategiko bat" izango da, eta taldearen erreferentzialtasuna indartzea izango du oinarri: "Azken urteetan Ointxe klubaren harrobia erreferente izan da Euskal Herrian eta Estatuan, eta horregatik egin dugu apustu hori". Hori horrela, proiektu horri dagokionez, bailarako erreferente izate horrek bi ondorio dakartza, Ogararen esanetan: "Batetik, gure balioekin bat datozen ideiak bultzatzea; eta, bestetik, beste talde batzuetan jokatzen diharduten jokalariak berreskuratzea modalitate horretarako".
Bi talde
Hori horrela, Ointxe klubaren izenean bi taldek parte hartuko dute Espainiako hiruko zirkuituetan. Neskei dagokienez, zortzi jokalarik osatuko dute taldea: Izar Bedia, Irene Murua, Naroa Zabala, Mama Dembele, Cristina Molinuevo, Maria Angulo, Nerea Hermosa eta Alazne Canales. Eta Smartlog izango dute babesle nagusi.
Mutilen kasuan, bederatzi jokalarik osatuko dute taldea: Txomin Ayastuy, Nacho Nistal, Beñat Barberena, Ekaitz Madinabeitia, Jaime Llano, Iñaki Erauncetamurguil, Alvaro Araico, Pol Pages eta Andoni Atxa.
Aste honetan lehena, Valentzian
Zirkuituari dagokionez, neskek zein mutilek aste honetan jokatuko dute aurreneko txapelketa, Valentzian. Ostegunetik zapatura jokatuko da, hain zuzen ere, Europako saskibaloi-azpiegitura handiena den L’Alqueria del Basket instalazioan.
Horrez gain, beste hiru hitzordu izango dituzte maiatzean. Hurrengo zapatuan, maiatzak 23, esaterako, Cuarte de Huelvan izango dira, eta Aragon 3x3 Ibercaja txapelketa jokatuko dute mutilen eta nesken taldeek. Hil amaieran, Mutilak Almeriara joango dira, 30ean, eta 3x3 Nijar txapelketa jokatuko dute. Neskek, aldiz, Open Plus 5000 txapelketa jokatuko dute maiatzaren 31n, Frantziako Le Mans hirian.

