Elkarretaratzea deitu dute, Arrasaten izandako sexu-erasoa salatzeko

Mirari Altube Arrese 2026ko maiatzaren 13a

Karranpak –Mondragon Unibertsitateko ikasle feminista taldeak– eta Arrasateko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute gaurko, eguaztenerako, Mondragon Unibertsitatearen komunitateko kide batek otsailean izandako sexu-erasoa salatzeko. 19:30ean izango da, Arrasateko Herriko Plazan.

Unibertsitateak "espazio segurua" izan behar duela aldarrikatu du Karranpak taldeak sare sozialen bidez: "Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza zientzien fakultateko emakume batek otsailean jasandako sexu erasoa salatu nahi dugu. Gertakariaren arrean erasotuari gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkiogu. Izan ere, erasoak ez ditugu era isolatuan ulertzen, era kolektiboan baizik. Argi utzi nahi dugu
ez dugula ez unibertsitatean ez beste inon inolako erasorik onartuko!"

Era berean, ardurak hartzeko eskatu dute: "Ikasturtea hasiz geroztik, hau ez da unibertsitateko campusetan zein herrian bertan emandako lehen erasoa. Unibertsitateak guztion espazioak dira, eta unibertsitateari dagokio horrelakoak ez gertatzeko neurri eta ardurak hartzea, eta egoerekiko erantzule izatea. Beste behin errepikatuko dugu: nazkatuta gaude! Nazkatuta gaude emakume* izate hutsagatik gizonen erasoak behin eta berriro jasan behar izateaz. Bizi garen gizarte zisheteropatriarkal kapitalistak gizonei sinestarazten die emakumeon* gorputzekin nahi dutena egin dezaketela. Baina guk argi diogu, erasoen erantzuleak zuek zarete, ez gu. Gizonen ardura da gu ez erasotzea eta gizonen espazioetan erantzukizunez jokatu eta jarrera matxistak moztea. Horregatik, gizonei dei egiten diegu beren ekintzen jabe egin daitezen, beren pribilegioak onartu eta deseraiki ditzaten".

Arrasateko Mugimendu Feministak bat egin du eta erantzutera deitu ditu herritarrak. "Ezin dugu indarkeria matxistarik onartu gure herrian, feminismotik kolektiboki erantzutea dagokigu, erasoa jasan duena babestu eta dagokien guztiei ardurak hartzea exijitzea. Aski da!".

22 urteko gizonezkoa atxilotuta

Emakume batek sexu-eraso delitu baten salaketa jarri zuen maiatzaren 8an. Otsailean Arrasateko ikasle-egoitza batean bortxatua izan zela salatu zuen 22 urteko gazteak.  Salaketari jarraiki abiatutako ikerketaren ondoren 22 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak astelehenean, Arrasaten. Atzo, martitzen goizean, epailearen aurretik pasatuta, hura behin-behinean kartzelan sartzeko agindua eman zuen Bergarako 2. Instantzia Epaitegiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak