Urtea bukatu baino lehen kamera-sistemaren proiektuaren pleguak onartu eta lehiaketara irtetea aurreikusten du Udal Gobernuak. "Asko jota urtarrilean". Ondoren, esleitzen denean, sistema berria ezartzeko lanak egingo dituzte. Hala, 2026an martxan jartzea da aurreikuspena.
Gaur egungo piboteen sistemak, San Frantzisko, Olarte, Maalako Errabala, Arrasate Pasealekua eta Gazteluondo kaleetako trafikoa arautzen du. Edozelan ere, aldaketaren beharra ikusi zuen Udal Gobernuak, Mugikortasun Planaren baitan.
EAJk "lehenbailehen" gura du kamera-sistema
Oposizioko talde nagusia, EAJ, bat dator aldaketarekin. "Egungo sistemak arazo ugari ditu. Besteak beste, piboteek hausturak izaten dituzte maiz, eta horrek zaildu egiten du funtzionamendua. San Frantzisko kaleko piboteak, adibidez, hilabete baino gehiago darama zerbitzuz kanpo", azaldu dute.
Kameren sistema, "eraginkorragoa eta seguruagoa" izateaz gain, etengabe funtzionatzen egongo litzatekeela gaineratu dute. "Piboteek erakutsi dute ez direla eraginkorrak eta arazoak dituztela. Kamera sistema batekin, alde zaharreko mugikortasuna eta segurtasuna hobetuko litzateke". Hori bai, lehenbailehen jartzea eskatu dute. "2025eko aurrekontuan jasota dago, eta, beraz, azkar ezarri ahal izatea espero dugu".
Zerkaosteta kalean sarbide-kontrola duen eremua zabalduko dute eta horrekin ere bat egin dute jeltzaleek. "Trafikoa eta segurtasuna hobetzeaz gain, garajeetara sartzeko beharra duten bizilagunen egunerokoa ere erraztuko du horrek".
EAJren oharra, osorik, hemen:
Arrasateko EAJ-PNVk Alde Zaharreko egungo piboten ordez sarbidea kontrolatzeko kamerak jartzea proposatu du. Egungo sistemak, Olarte, Mahala, Arrasate pasealekua eta Gazteluondo kaleetako trafikoa arautzen duenak, arazo ugari ditu, hala nola hausturak maiz, eta horrek zaildu egiten du funtzionamendua. San Frantzisko kaleko piboteak, adibidez, hilabete baino gehiago darama zerbitzutik kanpo. Kamera-sistema berriak kontrol eraginkorragoa eta seguruagoa ahalbidetuko luke, eta saihestu egingo litzateke bizilagunek udaltzaingoaren esku-hartzearen zain egon behar izatea piboteak mugitzeko. Horrek ere bermatuko luke sistemak etengabe funtzionatzea, etenik gabe.
Ander Garay Arrasateko EAJ-PNVko bozeramaileak adierazi duenez, "piboteak erakutsi dute ez direla eraginkorrak eta arazoak dituztela. Kamera sistema bat proposatzen dugu, funtzionalagoa izateaz gain, Alde Zaharreko mugikortasuna eta segurtasuna hobetuko dituena. Gainera, irtenbide hori 2025eko aurrekontuan jasota dago, eta, beraz, azkar ezarri ahal izatea espero dugu".
Sarbideak hobetzeaz gain, EAJ-PNVk Zerkaosteta kalean sarbide-kontrola duen eremua zabaltzea ere proposatu du, hori baita trafikoaren ondorioz bizilagunen kezka nagusietako bat, oinezko kalea izan arren. Proposamena da, piboteak dituzten gainerako kaleetan bezala, Zerkaostetarako sarbidea soilik zamalanetarako izatea, kamerek kontrolatuta.
Aldaketa hori 2025ean egitea eskatzen dute jeltzaleek, eta trafikoa eta segurtasuna hobetzeaz gain, garajeetara sartzeko beharra duten bizilagunen egunerokoa ere erraztuko lukeela nabarmendu dute.