Mallabiabarrena abizena saskibaloiari lotuta egon da Arrasaten, eta ez Itziar Mallabiabarrenagatik (Arrasate, 1987) bakarrik, haren ahizpa Itxaso (Arrasate, 1980) ere saskibaloi jokalaria izan zelako, eta baita Ander anaia ere (1977). Azken honek Ointxe!-n eta Natra Oñatin egin zuen kirol ibilbidea, baina artikulu hau Debagoienean erreferenteak izan diren emakumezko jokalarien gainekoa da.
Itxaso Mallabiabarrenak (1980), Irene Muruak moduan, gaztetan AEBtarako bidea hartu zuen ikasketak burutzera. Bost urte egin zituen han, Massachusets-en jokatu zuen, eta bitartean, Espainiako selekzioko kategoria txikietan ere izan zen. Euskal Herrira itzulita, arrasatearrak Tabirakon egin zituen lehenengo bi urteak (2003 eta 2005 artean). Eta, kirol ibilbide osoa LF2 kategorian jokatu eta gero, Eivissan jokatu zituen azken urteak, Club Deportivo Taniten erretiratu zen arte (2010ean).
Itxaso ahizparen pausoak jarraitu zituen Itziar Mallabiabarrenak (1987), baina honek bai, honek Espainiako maila gorenean jokatu zuen, Hondarribia-Irun taldean. Gaztetatik saskibaloirako zituen gaitasunak ikusita Bartzelonara joan zen saskibaloian jokatzera, eta Segle XXI taldean izan zen, kadete mailan hasi eta LF2 mailan debuta egin zuen arte. Eta, bitartean, Espainiako selekzioko harrobiko taldeekin sekulako curriculuma osatu zuen, bai Europako txapelketan eta baita mundukoan ere jokatuta: Kadete mailan laugarren sailkatu ziren Turkian (2003), junior mailan zilarra jantzi zuen Eslovaquian (2004), Munduko Txapelketan bosgarren izan zen Tunezen (2005), eta, Hungrian zilarra jantzi zuen Europako txapelketan (2005). 2007an, berriz, Europako txapeldun izan zen, Bulgarian. Hala, kategoria horietan 70 partidu baino gehiago jokatu zituen Espainiako selekzioarekin.
Maila profesionalera salto
Bartzelonatik bueltan, Itziar Mallabiabarrena Hondarribia-Irun taldeak fitxatu zuen 2006-2007 denboraldian, eta hor egin zuen salto maila gorenera, eta baita saskibaloi profesionalera ere. Ordurako Txingudiko klubak saskibaloitik bizi izateko moduko soldatak ematen zizkien jokalariei –atzerritar batzuek soldata oso onak zituzten– baita bestelako erraztasunak eman ere –etxebizitza jarri, esaterako–. Orduko aldarrikapenetako bat zen, hori bai, gizarte-segurantzara ere kotizatzea, baina hori aurrerago etorri zen. Kontua da Mallabi-k bi urte egin zituela Hondarribia-Irunen jokatzen, eta hurrengo denboraldiak LF2 mailan egin zituen, EHUn, Space Tanit Eivissan eta 2012an Avilesen azken denboraldia jokatu zuen arte. Hala, gaur egun Eivissan bizi dira bi ahizpa arrasatearrak.
Izar Bedia, onenekin bai, baina profesionala ez
Izar Bedia arrasatearra da Debagoienak eman duen beste saskibaloi jokalari nabarmenetako bat. Eskoriatzako klubeko harrobikoa, gaur egun Ointxe!-n dihardu jokatzen –3x3 torneoa irabazi berri dute Tenerifen–, eta taldeko kapitain eta erreferentea da LF2 kategorian. Arrasatekoak, baina, zenbait urte jokatu ditu Araski –gaur egun Kutxabank Araski– talde arabarrean. Berez Gasteizko taldeko bigarren taldean jokatu izan du Bediak, baina, 2018an lehenengo taldearekin –Lacturale Araski– debuta egiteko aukera eman zion entrenatzaileak, eta Nissan Al Qazeres taldearen kontra 12 puntuko aldeaz irabazi zuten. Orduan elkarrizketa hau egin zion GOIENAk. Arrasatekoak, horrenbestez, onenekin jokatzeko aukera izan zuen, baina bera ez zen jokalari profesional izatera iritsi.
Hori horrela, Mallabi ahizpen eta Izar Bediaren pausoak jarraituko ditu Irene Muruak IDK Euskotrenen, baina argituta geratu da, Itziar Mallabiabarrena izan zela lehenengo saskibaloi jokalari profesionala.