Tenerifeko (Espainia) 3X3 Series Master txapelketako finala jokatu zuten atzo Ointxe!-ko Izar Bediak, Naroa Zabalak eta Alazne Canalesek, IDK Euskotrenek fitxatu berri duen Irene Muruarekin batera. "Oso final gogorra izan zen, iazko irabazleen aurka", dio Muruak.
Luzapenean lortu dute garaipena, Izar Bediaren hiruko jaurtiketa bati esker. "Luzapenean, irabazteko bi puntu sartu behar izaten dira. Haiek bat sartu zuten eta bigarrena sartzeko zorian egon ziren. Guk gure aukera baliatu genuen eta Izarrek sartutako hirukoari esker irabazi genuen", azaldu du arrasatearrak.
Garaipen horrekin, abuztu amaieran Bordelen (Frantzia) lehiatzeko txartela eskuratu dute. "3X3 modalitatean mundu mailan dagoen torneo onena da hangoa", nabarmendu du.