Etxezarreta parkeko lorategia berreskuratzeko lanak, udazkenean

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko uzt. 24a, 11:20

Eraikin historikoen aztarnak ez ditu aintzat hartzen proiektuak.

Arrasateko Udalak urtea amaitu aurretik jarriko ditu martxan Etxezarreta parke historikoa berreskuratzeko lanak, "inguruko natura eta ondare botanikoa lehengoratzeko eta aisialdirako gune atsegin eta irisgarri bat sortzeko" helburuarekin. 

Etxezarreta eremua Arrasateko Udalaren jabetzakoa da 2018az geroztik, Mendia familiari lursailak erosi zizkionetik. Deba ibaiaren meandro batean dagoen espazioa da, eta XIX. mendeko lorategi baten aztarnak ditu bere baitan. Gaur egun egoera degradatuan dagoen arren, izaera berezia daukan parkea da, izan ere, zuhaitz erraldoi zaharren bilduma baliotsua du: sekuoiak, zedroak, haginak eta abar. Hain zuzen, horiek dira Arrasateko Udalaren proiektuaren ardatz nagusietako bat.

Lorategiak, esan moduan, itxura "oso narrasa" du egun, urteetan izan duen mantenu ezaren ondorioz. "Baina interbentzio xume batekin, goitik behera aldatu daiteke eta bertan mantenu erraza izango lukeen parkea sortu daiteke, nortasun propioa izango lukeen espazio berde bat. Hala, egun dauden zuhaitz nagusien indarra goraipatuta geldituko da eta, aldi berean, herritarren aisialdia eta naturaren babeste eta indartzea lortuko dugu", dio Garazi Etxeberria Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.

Gaineratu duenez, proiektuaren helburua da lorategi botaniko aberatsa berreskuratzea, herritarren erabilerarako atonduz, eta aisialdirako naturagune berri bat sortuz. "Etxezarreta parkea Arrasatek duen altxor ezkutuetako bat izan da urte luzez. Orain, parke hau herritarren erabilerarako berreskuratzeko garaia da, naturarekiko harremana, ondare botanikoa eta aisialdirako kalitatezko gunea uztartuz". 

Horretarako lanak udazkenean egitea aurreikusten du Udalak, eta hamar eta hamabi asteko iraupena izango dute. Obraren aurrekontua 124.918,78 eurokoa izango da (BEZ barne). Nabarmentzekoa da eremuan dauden hiru eraikinen aztarnak ez dituela bere gain hartzen proiektuak. Are, eraikin horien egoera eskasa izanik, haien ingurua hesi metaliko batekin itxiko dute, "bisitariengan sortu daitezkeen istripuak saihesteko".

Askotariko esku-hartzeak

Hainbat esku-hartze aurreikusten dituzte. Esaterako, eremurako bi sarbide berri egokituko dituzte. Bata Elorregin, bidegorri alboan; eta bestea, Eroski hipermerkatu pareko biribilgunearen ondoan. "Identitate bisuala eta ekologikoa batzen duten hamar metroko akazia enborrez osatutako ateak eraikiko dira. Haien azaletik igoko diren huntzek, biodibertsitatea sustatzeaz gain, irudi berezia sortuko dute denborarekin".

Horrekin batera, bi ateen arteko 2.250 metroko pasealekua egokituko dute, zoladura homogeneo eta drainatze-sistema berrituarekin. "Egun, zoladura eredu ezberdinak ditu. Tarte batzuetan asfaltozko zoladura dago, eta beste batzuetan lurrezkoa. Beraz, ibilbide guztian zoladura bera jarriko dugu. Aldi berean, gune batzuk lokaztuta daude, drainatze eza dela medio. Horregatik, drainatzea egokitu beharko dugu".

Bestalde, lorategi barneko bide-sare natural berria berreskuratuko dute, 416 metrokoa. "Garai bateko bide sarea galduta badago ere, puntu batzuetan aztarnak ikusten dira. Bidearen egungo izaera zuzena mantenduko da, baina lorategiko mailara eroso jaitsi ahal izateko, bidearen azken 20 metroak maldan geldituko dira. Bideak Deba ibaiaren muga zeharkatzen du, eraikinaren aztarnak dauden gunetik abiatuta, eta zuhaitz nagusien artetik jarraitzen du, Deba ibaiarekin batera. Zati batean, lorategia erditik zeharkatzen duen bidea txertatuko dute". 

Era berean, landaredia lehengoratuko dute, berez sortutako begetazioa garbitu eta soropil eta zelaien antolamendu berria ezarriz. Halaber, zuhaitz eta zuhaixka berriak landatuko dituzte: koniferoak, astigar japoniarrak, magnoliak, gereziondoak, palmondoak eta abar, 80 bat landaketa berri eginez.

Azkenik, altzari berriak jarriko dituzte. Hau da, goteborg estiloko eserlekuak, seinaleztapen berria eta informazio panelak jarriko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak