"Duela hilabete aurkeztu zigun Udal Gobernuak Iturriperako aurreproiektua eta oinarri moduan ondo ikusi arren, gabezia batzuek zituela ikusi genuen", azaldu du gaur kirol instalazioen aurrean egindako agerraldian Arrasateko EAJren udal bozeramaile Ander Garayk eta Edurne Unamuno zinegotziak.
Gauzak horrela, jeltzaleek Iturriperako landu dituzten hainbat proposamenen berri eman dute, haien esanetan, aurreko parte-hartze prozesuetan jasotako analisi teknikoan, herritarren ekarpenetan eta kirol taldeekin egindako bilera ugarietan oinarritzen direnak.
Iturripe kanpoko eremuari dagokionez, Garayk esan du haien iritziz ezin dela erabat pribatizatu: "Gaur egun kanpoko frontoiek, kantxek… doako erabilera dute eta Udal Gobernuaren aurreproiektuak eremu guztia ordainpekoa izatea planteatzen du. Guk uste dugu nahikoa metro koadro daudela zati batek doakoa izaten jarraitzeko". Hala, hiru proposamen egiten dituzte kanpoko eremurako: skate park bat sortzea; erabilera anitzeko bi kantxa egotea; eta pilota modalitate guztiak hartzeko moduko luzera egokia duten bi frontoi ireki egokitzea.
Padel pistak eta lurpeko aparkalekuak
Iturripe barruko instalazioei dagokienez, "Musakolan daudenen okupazio handia dela eta", bi padel pista gehitzea planteatu dute EAJko ordezkariek.
Irisgarritasunari lotuta, aldiz, ibilgailu, bizikleta eta patineteentzat lurpeko aparkaleku bat egitea proposatu dute: "Egungo eraikina bota eta beste berri bat egin behar denez, lurpeko aparkalekuak egiteko aukera ikusten dugu. Gaur egun astelehenetik ostiralera guztiz saturatuta dagoen eremu bat da eta aurreikusten dugu, eraikin berriarekin, hirukoiztu egingo dela erabilera. Eta ez astelehenetik ostiralera, baita asteburuan ere. Bizilagunei eragozpenak eragin beharrean, alternatiba bat bilatu behar zaio hori".
"Ausardia" eskaera Udal Gobernuari
EAJko kideek egutegi bat ere proposatu dute lanak egiteko. 2025eko abendurako behin betiko proiektua onartzea eta udal lurren titulartasuna lortzea planteatzen dute; 2026ko ekainerako, obrak esleituta egotea; 2026ko irailerako obrak hastea; eta 2028 urtean, Iturripe "errealitate" bihurtzea.
"Daten kontua oso serio hartu behar da, erabilera handiko gunea delako. Hemen kirol elkarteetakoak, ikastetxeetakoak eta eskola kirolekoak ibiltzen dira eta noiz arte erabili ahalko duten esan behar zaie" adierazi du Ander Garayk, eta "ausardia" ere eskatu dio Udal Gobernuari, "orain" delako horrelako azpiegitura bat egiteko momentua: "Gure proposamenekin aurreproiektuari balio handiagoa ematen zaio , beste maila batera pasatzen da eta Arrasateko Udalak badu horretarako aukera. Iaz soberan geratu ziren 16 milioi euro ditugu eta ez dugu zorrik. Momenturen batean beharrezkoa bada, gainera, zorpetzera ere jo dezakegu".