Adimen artifizialarekin garatutako bi tresna, herritarrei laguntzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko uzt. 16a, 15:23

Kepa Urteaga lehen alkateordea eta Iker Agirresarobe informatikari burua.

Arrasateko Udalak bi tresna digital berri jarri ditu martxan herritarrei "arreta hobea" emateko helburuarekin. Batetik, webguneko txatbota eta, bestetik, lanorduz kanpoko telefono deiak jasotzeko robota. Adimen artifizialean oinarritutako soluzio horiek Udalarekin harremanetan jartzea erraztuko dute, "modu azkar, erraz eta eskuragarrian".

Herritarrei arreta emateko bi zerbitzu berri aurkeztu ditu Arrasateko Udalak, eta prentsa agerraldian izan dira Kepa Urteaga lehen alkateordea eta Iker Agirresarobe, Arrasateko Udaleko informatikari buruak.

Urteagak azaldu du "jauzi berria" egin dute bi zerbitzu berriekin. "Aro digitalari ate berriak zabaltzen dizkiogu, eta gure helburu nagusia da herritarrek informazioa modu errazean eta argian jasotzea".

Lanorduz kanpoko telefono deiak jasotzeko robota da lehen zerbitzua, BAZeko ordutegitik kanpo edo dei saturazioa dagoenean aktibatuko dutena. 943 25 20 00 telefonora deituta, robotak herritarraren galderak artatuko ditu, euskaraz edo gazteleraz, eta ahal duen neurrian informazioa emango du. "Informazioa ematerik ez duen kasuetan, zein ordutan deitu daitekeen azalduko du, langile batek arreta zuzena emateko. Halaber, dei hori gorde egiten du hurrengo egunean herritar horri erantzun ahal izateko", adierazi du Agirresarobek. Tresna hori Idrus enpresak garatu du, udal informatikariekin eta BAZeko arduradunekin elkarlanean. 

Txatbota udal webgunean

Lagunbot izeneko zerbitzua da bigarrena. Udal webgunean dagoen txat-leiho baten bidez, herritarrek galderak egin ahal izango dizkiote txatbotari, ordenagailu edo mugikorretik, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez. "Edozein dirulaguntza, zerga, baimen edo informazioren inguruko galdera zehatza eginda, erantzun zuzena ematen du. Udaleko hainbat dokumentutan, udal webgunean eta Interneten, oro har, dagoen informazioa erabiltzen du herritarren galderari erantzun ahal izateko", azaldu du informatikariak. Oñatiko ikasle ohiek sortutako lau laguneko talde batek garatu du Lagunbot.

Tresna horrek "asko erraztuko du" webgunetik informazioa eskuratzea. "Izan ere, udal webguneak informazio asko du, eta, askotan, webgunean galtzen gara bilatzen ari garen horren bila. Txatbotak erantzun zuzena ematen du, bilaketaren denboran eta efizientzian irabaziz".

Hobetzen joango dira tresnak

Etengabeko hobekuntza batean dauden zerbitzuak direla nabarmendu dute. "Sortzaileekin eta BAZeko lankideekin elkarlanean, zerbitzua hobetzen joango gara. Esaterako, erabilerari jarraipena egiteko plataforma bat izango dute zerbitzuek, pribatutasuna bermatuz, eta hortik azterketak egin eta hobekuntza beharrak atzeman ahal izango ditugu". Era berean, kexak jartzeko ere erabili daitezke bi zerbitzuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak