Zalduspeko autobus-geltoki berria egiteko lehen pausoa eman du udalbatzak

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko uzt. 16a, 10:15

Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean Zalduspe esparruaren aldaketa puntuala izapidetzen hastea onartu du udalbatzak uztaileko ohiko osoko bilkuran, aho batez. Bide horretan, herritarrek parte hartzeko plana eta programa ere onartu dute.

Zalduspeko autobus-geltokia errealitate bilakatu arteko bidea "oso luzea" dela onartu du Udal Gobernuak. Edozelan ere, horretarako prozesua hasi du Udalak, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean Zalduspe esparruaren aldaketa puntuala izapidetzen hastea onartuta. 

Izan ere, egun indarrean dagoen planean, Zalduspe esparruaren kalifikazio globala jarduera ekonomikoena dela finkatzen da; eta ez ekipamenduarena, behin betiko autobus geltokia edo aparkalekuak eraikitzeko beharko lukeen bezala. "Eta hirigintza ikuspegitik kalifikazio globala egiturazko antolamenduaren elementua denez, bere aldaketa burutzeko plan orokorraren aldaketa egin beharra dago".

Aho batez onartu dute aldaketa izapidetzen hastea. Orain, beraz, agiria osorik Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta webgunean argitaratuko dute, bi hilabetez eta, ostean, herritarrek parte hartzeko programa bat zehaztu beharko du Udal Gobernuak, geltokiaz eta aparkalekuez gain, esparruaren bestelako erabilerak zeintzuk izango diren zehazteko. Prozesu horretan, herritarrek, Aholku Kontseiluak eta alderdi politikoek izango dute hitza, besteak beste.

Aldaketa egiteko prozesua "oso luzea" izan arren, bidea egiten hasi izanari balioa eman dio Kepa Urteagak, EH Bilduren udal bozeramaileak. "Aldaketa egiteko pauso asko eman behar ditugu, baina, azken pausoa egin ahal izateko, lehenengotik hasi behar izaten da, eta hori egin dugu". Oposizioak ere begi onez ikusi du. "Bide horretan ematen diren pauso guztiak ongi etorriak dira, lehenbailehen errealitate bilakatzeko", dio Ander Garayk, EAJren udal bozeramaileak. Azkenik, Johanna Sanchez zinegotzi sozialistak zera adierazi du: "Guk hasieratik gura izan dugu geltokia han jartzea eta, poliki-poliki, aurrera goaz".

Geltokia, 2021etik Zalduspen

Arrasateko autobus-geltoki nagusia 2021ean lekualdatu zuten Garibai etoribidetik Zalduspera. Era berean, Udalak Mugikortasun Plana eguneratzeko lanak hasi zituen 2023an, eta 2025eko apirilaren 1ean onartu zuen osoko bilkurak, behin betikoz. Tartean, autobus geltoki berriaren kokapena aukeratzeko herri- galdeketa egin zuten, 2024ko azaroan. Botoen gehiengoak autobus geltoki berria Zalduspe eremuan kokatzearen alde egin zuen, eta horrela jaso dute Mugikortasun Jasangarrirako Planean. Halaber, disuasio-aparkalekuak ere proposatzen ditu planak esparruan.

Kreditu aldaketa ere, aho batez

Bestalde, udal aurrekontuan 1.259.300 euroko kreditu aldaketa egitea ere aho batez onartu du udalbatzak, hainbat proiektutara bideratzeko. Nagusiki, Udalako goiko auzunean egingo duten urbanizazio proiekturako, Gorostizako igogailuen proiekturako eta bidegorri sarea osatzeko. "Udalakoari dagokionez, aurten idaztea gura dugu proiektua, datorren urtean exekutatu ahal izateko. Gorostizako lehiaketa publikoan inor ez da aurkeztu, beraz, diru gehiagorekin hornituko dugu, ea horrelako proiektua esleitzea lortzen dugun. Azkenik, bidegorriena iaztik hona egon den prezio igoerari dagokio, aurreikusita geneukan kopuruarekin ez baita iristen".

EAJk kreditu aldaketaren alde bozkatu du, baina kritiko azaldu dira jeltzaleak. "Abenduan, aurrekontua onartzeko osoko bilkuran, bost zuzenketa aurkeztu genituen, besteak beste, 100.000 euro Gorostizako igogailurako eta beste 100.000 euro Udalako urbanizaziorako. EH Bilduk ez zuen beharrezko ikusi funts horiek bideratzea. Zazpi hilabete geroago, EAJk eskatutako diru-partidak sartu behar izan ditu Udal Gobernuak", azaldu du Garayk.

Zera gaineratu du: "EH Bilduk leporatu zigun demagogia egitea eta administrazioaren funtzionamendua ez ezagutzea . Orain, gure ohartarazpena egokia zela frogatu da. Ez zen demagogia, Udal Gobernuaren kudeaketa-gaitasun faltari buruzko arreta dei bat baizik".

Sozialistek ere begi onez ikusi dute kreditu aldaketa. "Herrian inbertitzea esan gura du aldaketak, hainbat auzotan hobekuntzak egitea, eta ados gaude horrekin", azaldu du Sanchezek.

Udal Gobernua pozik azaldu da osoko bilkurako bi puntu nagusiak aho batez onartu dituelako udalbatzak. Era berean, Debagoieneko Mankomunitatearen Estatutuen aldaketa ere onartuta geratu da, baita Fagor San Andres eremuko hainbat partzela zatitzeko puntua ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak