Denboraldiak emandakoarekin "pozik" dago ARTko Zuzendaritza Batzordea

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko uzt. 14a, 10:19

Ohiko batzar nagusia egin du Arrasate Rugby Taldeko Zuzendaritza Batzordeak eta, oro har, gustura azaldu dira denboraldiarekin. Arlo ekonomikoari dagokionez, 600 euroko "defizit txiki" batekin amaitu dute ekitaldia. 

2024-2025 denboraldian, klub zuri-morearen diru-sarrerak 110.633,38 eurokoak izan dira; gastuak, aldiz, 111.236,47 eurokoak. Hala, 603,09 euroko galerarekin amaitu du ARTk, "beste urte batez, parra eginda", Zuzendaritza Batzordeko kideek azaldu dutenez.

Finantziazio iturri garrantzitsuenetarikoa jokalarien kuotetatik eratorritakoa izan da –26.000 euro pasatxo–; maila txikiago batean, baina aurrekotik oso gertu, babesleak eta dirulaguntza publikoak egon dira –bakoitzak 21.000 euro, gutxi-asko–. Garagardo Azokak 9.100 euro inguru eman dizkio ARTri, eta dirulaguntza pribatuen kopurua "antzerakoa" izan da.

Gastuei dagokienez, jokalarien formakuntzara bideratu du dirurik gehiena klubak, entrenatzaile eta monitoreetan 39.718 euro inbertituta. Jokalarien fitxetan eta autobus zerbitzuan 20.822 eta 23.185 euro gastatu dituzte, hurrenez hurren. Azkenik, partidu, topaketa eta gainontzeko ekitaldietan egindako "hirugarren zatietara" 7.642 euro bideratu dituzte. "Datorren urterako, diru-sarrerak zein gastuak antzekoak izatea aurreikusten dugu, hau da, aurrekontua antzekoa izango dela", azaldu du Zuzendaritza Batzordeak.

230 jokalari izan dituzte

Kirol arloan, 230 jokalari izan ditu ARTk denboraldian. Senior mailako gizonezkoen taldean 30 jokalari eta, beste horrenbeste, amen taldean; 35 izan dira beterano eta inklusiboan, eta hamabost emakumezkoen senior mailako taldean. 18 eta 16 urtez azpikoetan, taldeak partekatutakoak izan dira, hamar eta hamabi jokalariekin, hurrenez hurren. Azkenik, Errugbi Eskolan 35 neska-mutiko aritu dira.

Talde guztiek egindako denboraldia, oro har, ona izan dela azpimarratu du Zuzendaritza Batzordeak. Nabarmentzekoa da, iaz moduan, emakumezkoetan, ARTk talde bateratua osatu duela senior mailan, Eibarrekin batera, Euskal Ligan lehiatu duena. Era berean, Arrasateko bost jokalari Eibarko lehenengo taldearekin lehiatu dira, Lehen Nazional Mailan. Datorren denboraldira begira, emakumezkoen talde propioa sortzea da, gainera, klubaren helburua.

ART Amak Pirolitikak taldeari erreparatuta, Mater Serieseko lau topaketatan parte hartu dute: Madrilen bi eta Valentzia eta Valladoliden, bana. Datorren denboraldirako erronka nagusia halako topaketa bat Arrasaten antolatzea izango dela iragarri dute, Amarians 2025 izenekoa.

Talde inklusiboak egin duen lanarekin ere "oso pozik" dago Zuzendaritza Batzordea. "Bi astean behin, entrenamendu saioak egin dituzte eta Getxon, Elorrion, Donostian, Hernanin eta Llaneran izandako topaketatan parte hartu dute". 

Bestelako hainbat jarduera

Azkenik, denboraldian egindako hainbat jardueren errepasoa egin dute. Horien artean, Garagardo Azokaren baitan SUDC elkarteari egindako aitortza aipatu dute, hala nola sanjuanetako Gazte Olinpiadetan izandako parte-hartzea, Maritxu Kajoiko nobenaixuan jasotako urrezko inbutua edota ekainean egin zuten Errugbi Txapelketa Herrikoia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak