Jon Apraiz, Arrasate Blues jaialdiaren zuzendariak, oso balorazio positiboa egin du amaitzear den edizioari buruz. Bere hitzetan, ekimenak ezarri zituen helburuak bete dira: "Arrasatearrak kalera atera eta kanpoko jendea herrira ekartzea lortu dugu; gure helburu nagusia herriko komertzio eta tabernak sustatzea da."
Aurten, gainera, helburu osagarri bat ere izan du jaialdiak: armonika musika tresna gisa balioan jartzea. Apraizen arabera, helburu hori ere bete dute.
Parte-hartzea oso handia izan da 7. edizio honetan. Ostegunetik domekara, herriko hainbat txokotan eskainitako kontzertuak jende ugari gerturatu da ikustera, eta publikoak gertutik jarraitu ditu emanaldiak. Apraizek nabarmendu du Euskal Herritik zein atzerritik etorritako artistek Arrasateko publikoaren harrera beroa goraipatu dutela.
Eguraldiak baldintzatu du ekimena
Asteburuan eguraldi desegonkorra izan da, eta horrek eragina izan du antolatutako jardueretan. Ostiral arratsalderako, Euskalmetek alerta horia ezarri zuen intentsitate handiko euri zaparrengatik. Hala ere, arratsaldean aurreikusita zeuden kontzertuak egin ziren. Gauean, ordea, Irati tabernaren ondoan egitekoa zen Jac Electric taldearen emanaldia bertan behera utzi behar izan zuten.
Euriaren beldurrez eta eguraldi iragarpenak baikorrak ez zirela ikusita, larunbat arratsaldean Monte tabernaren parean egitekoa zen kontzertua Taupa tabernako arkupetara lekualdatu zuten antolatzaileek.
Apraizek jakinarazi duenez, eguraldiaren gorabeherak medio, Irati eta Monte tabernen inguruan egitekoak zire emanaldiak eta Jac Electric taldearen kontzertua datozen hileetan egiteko alternatibak bilatzen saiatuko dira.
Blues musika protagonista
Jaialdiaren izenak erreferentzia zuzena egiten dio blues musika estiloari. Hala ere, ez da Arrasateko kaleetan entzun den musika estilo bakarra izan: soul, rhythm and blues, country eta bestelako doinuek ere izan dute lekua, eta kontzertuetara hurbildu direnek aipatutako musika estilo hauetaz gozatzeko aukera izan dute.
Jaialdiaren esentziak eta blues musikaren xarmak erakarrita, jende ugari ibili da asteburu osoan zehar Arrasaten. Euskal Herriko hainbat txokotatik ez ezik, estatu espainiarretik ere hainbat zale gerturatu dira ekimenaz gozatzera.
Bestalde, musika estilo hauen inguruan sortzen den dantza zaletasunak ere jende asko mugiarazi du. Esaterako, Swingverguenza Gasteizko swing dantza taldeko kideak Arrasaten izan dira asteburuan, kontzertuetan dantzan. Taldekideak nagusiki beraien artean dantzan aritu badira ere, aurretik esperientziarik ez zuten hainbat arrasatear ere animatu dituzte dantzan parte hartzera.
Hurrengo edizioari begira
Ekimena amaitzeko ordu gutxi geratzen diren horretan, deskantsu beharrez, burua horretan pentsatzen jarrita ez badute ere, ilusioa eta hainbat ideia baditu Jon Apraiz ekimenaren arduradunak datorren urteari begira zerbait antolatzeko asmoz.