Grebak egiten ari dira adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko uzt. 11a, 14:30

Gaur, bailara mailako kontzentrazioak egin dituzte Gipuzkoan, ELA sindikatuak deituta, eta Debagoiena mailakoa Arrasaten egin dute. Atzo izan zuten hilabeteko lehen greba-eguna Gipuzkoako adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, eta, gaurkoaren ostean, biharko ere greba deialdia dute.

Gaur, eguena, bosgarren greba eguna dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, ELA sindikatuak deituta. Ekainean hiru greba-egun izan zituzten, eta, akordiorik lortu ez denez, eguaztenean hasita, bihar arte, beste hiru greba-egun dituzte.

ELAk adierazi du urtarrilean patronalekin hasi zen hitzarmen berriaren negoziazioa "blokeatuta" dagoela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio "langileak prekarietatetik atera eta zerbitzuaren arreta hobetuko duen hitzarmenaren lidergoa hartzeko".

Hiru greba-egun aste honetan

Eusko Jaurlaritzak %70eko gutxieneko zerbitzuak agindu zituen, eta hori bete dute Debagoieneko zentroetan. Bihar, egubakoitza, izango dute azken greba-eguna, eta orain artekoaren balorazio positiboa egin du Debagoieneko eta Debabarreneko ELAko soziosanitario esparruko arduradun Maite Amondarainek: "Greba deialdia eta atxikitu diren portzentajeak modu positiboan baloratu ditugu, baina jakinda gutxieneko zerbitzuak beti exijenteak direla eta, horren ondorioz, lantaldearen zati batek beti lanean egon behar duela, zerbitzu horiek betetzen, nahiz eta gutxienekoak izan".

Eguaztenean Donostian egin zuten manifestazioa, eta helburua "bete" zutela adierazi du Amondarainek: "Eskualdeetako lan-zentroetatik langile dezente joan ziren, autobusetan, eta lortu behar genuen erantzuna lortu genuen". Gaur, eguena, bailara mailako elkarretaratzeak egin dituzte; Debagoienekoa Arrasaten egin dute. Eta bihar, egubakoitza, 11:00etan Donostian egingo dute azken greba-eguneko manifestazioa, Miramartik hasita.

Akordio berria nahi dute

ELAk adierazi du azken urteetan kontratuen partzialtasuna "izugarri hazi" dela eta langileen %40k borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituztela. Egoera horrek, langileen "lan eta bizi baldintzak izugarri okertzeaz gain, egoiliarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea ere nabarmen okertu" duela esan dute. Eta eskatzen dute %100eko lan-jardunaldia duten kontratuak langile guztientzat, "soldata arrakala amaitzea" eta asteko 32 lanordu ezartzea ere bai, besteak beste.

Hau gaineratu du Amondarainek: "Gaur egungo sentsazioa da aurrerapausorik, momentuz, ez dagoela negoziazio mahaian. Langileak mobilizatzeko prest gaude, eta hurrengo hilabeteetan zehar berriro Foru Aldundiari beste bilera bat eskatuko diogu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak