Orain dela zazpi urte Arrasateko merkatari elkarteak abiatu zuen Arrasate Blues jaialdia urtez urte hazten ari da; horren erakusle da kontzertuen eta bestelako ekitaldien kopurua eta kalitatea gorantz doala. "Hastapenetako helburuei leial" jarraitzen du jaialdiak, agertokiak herriko hainbat txokotan atonduta eta tokiko talentuaren aldeko apustuarekin. "Atzo hasi eta domeka bitartean, hamaika kontzertu izango dira, eta horiei gehitu behar diegu urtean zehar antolatu ditugunak eta jaialdiaren ondoren uztailean egingo ditugun beste hiru. Hortaz, guztira, hamazazpi kontzertu izango dira, eta, bat izan ezik, Euskal Herriko musika proiektuak dira", azaldu du Arrasate Blues jaialdiko zuzendari Jon Apraizek.
Egitaraua prestatzeko bidaia asko egiten dituela dio Apraizek: "Kontzertu askotara joaten naiz, taldeek zuzenean nola funtzionatzen duten ikusteko, eta, gustuko izanez gero, gurera etortzeko proposamena egiten diegu, eta aitortu behar dut eskaera asko jasotzen ditugula". Musikazale eta musikari askoren "gustuko topagunea" dela gaineratu du jaialdia hastapenetatik ezagutzen duen Noa&The Helldrinkers taldeko abeslari Noa Egigurenek: "Ospe handia dauka kanpoan, eta jende asko gonbidatzen dut etortzera. Sekulako giroa egoten da, gertukoa eta kalitate handikoa da".
Harmonikari omenaldia
Programazioaren zati handi bat, bereziki zapatukoa, bluesaren instrumentu esanguratsuenetakoa den harmonika instrumentuari eskaini diote aurten. "Harmonika-jole izen handiak etorriko dira; esaterako: Greg Izor, Emilio Arsuaga, Nico Wayne Toussaint, Mingo Balaguer eta Joan Pau Cumellas. Kontzertua egiteaz gainera, Izorrek eta Arsuagak hogei lagunendako eskola magistral bat gidatuko dute bihar. Tamalez, ez dago ikasle gehiagorentzako lekurik".
Blues estiloa baino gehiago
Jaialdiaren izenak bluesari erreferentzia zuzena egiten badio ere, musika estilo gehiagori egiten diete tokia. "Ez dugu blues jaialdi puru bat antolatu gura; hortaz, aurreko aldietan moduan, soul, rhythm and blues, country eta bestelako doinuekin gozatzeko aukera ere izango dugu. Agertokien kokapenaren eta emanaldien ordutegien araberako programazioa ondu dugu, eguerdietan eta arratsaldeetan lasaiagoak eta gauetan kañeroagoak. Denetarikoak aurkituko dituzue. Sugarray Rayford amerikarra da atzerritik datorren bakarra. Sekulako izarra da, ibilbide handikoa. Sei album argitaratu ditu, eta sari garrantzitsuak jaso ere bai; horien artean, Urteko Soul Blues Artista BMA saria eta Grammy sarietarako hainbat izendapen ere bai. Arrasate Bluesera Travellin Brothers taldearen eskutik dator, eta 2023an Trudy Lynn-ekin egin genuen formula bera erabiliko dugu".
Euskal eta kanpoko musika taldeen kontzertuak izango dira herriko txoko askotan banatuta
Texasko musikariaz gainera, "etxekoagoak" direnak ere goraipatu ditu jaialdiko zuzendariak: "Jac Electric hirukoteak Ferrerias kalea irauliko du gaur gauean. Ikustekoa izango da, era berean, bihar, zapatua, Mondragon Hoteleko terrazan, Itziar Yagüe eta Paul San Martin Arrasate Blueseko beteranoen emanaldia; Sugar in my bowl. A tribute to Bessie Smith izena duen euren azken lana aurkeztuko dute, bluesaren aitzindari Bessie Smithi egindako omenaldi sentikorra. Eta Tauparen 20. urteurrena ospatzeko, Arrasateko Los Galerna taldeak, bere surf erritmoarekin, ederto girotuko du domeka arratsaldea".
Dantza ikastaroa eta azoka
Iaz moduan, dantza ikastaroa proposatu dute, eta estreinakoz egingo dute artisau-azoka. "Bihar izango dira biak. Blues dantza Portaloian izango da, 11:00etan hasita, Lazy Blues eta Swingvergüenza elkarteen eskutik. Ikastaro entretenigarria izango da, Maike eta Txus adituek gidatuta. Dantzan abila izan edo ez, guztiontzako gomendagarria. Artisau-azoka ordu berean zabalduko dugu, Seber Altube plazan izango da hori, eta han ere denetariko artelanak aurkituko dituzue, bertako eta kanpoko artisauek egindakoak".
Kamisetak eskuragarri daude
Kontzertuak doan dira, baina jaialdiari lagundu gura dionak aurtengo kamiseta erosteko aukera duela esan dute antolatzaileek: "Urdina da, sutan dagoen harmonika baten irudiarekin. Gure kamisetaz gainera, musikariek ere askotariko merchandising-a izango dute".
Uztailean, kontzertu gehiago
Katapulta Tour Gipuzkoa ekimenarekin elkarlanean, uztaileko eguen guztietarako kontzertu bana antolatu dute.
Arrasate Blues podcast-ak
Jaialdian izango diren kontzertuen eta bestelako ekitaldien gaineko solasaldia egin dute Arrasate Blues jaialdiko antolatzaileek Goienarekin elkarlanean.
Mahaiaren bueltan izan dira: Arrasate Blues jaialdiko zuzendari Jon Apraiz; Ibai Akizu musikaria (BB Harper eta Los Galerna); Noa Egiguren abeslaria (Noa&The Helldrinkers) eta Goienako kazetari Aitziber Aranburuzabla.
Datorren astean beste solasaldi bat egingo dute jaialdiak eman dituenak gainbegiratzeko gogoz.
Arrasate Blues jaialdiko kontzertuak
Uztailak 11, egubakoitza
• 19:00 Slow Times Blues Band, Zigarrolan.
• 20:00 The Cherry Boppers Meet Patricia Reckless, Taupa tabernan.
• 22:30 Jac Electric, Arotz plazan –Irati tabernaren ondoan–.
• 24:00 Jam Session, Aterpe tabernan.
Uztailak 12, zapatua
• 13:00 Itziar Yagüe & Paul San Martin, Mondragon Hotelean.
• 18:30 Nico Wayne Toussant eta Michel Foizon, Monte tabernan.
• 20:00 Tofol Martines Blues Band, Herriko Plazan.
• 22:30 Sugaray Rayford and Travellin Brothers, Herriko Plazan.
• 24:00 Jam Session, Ale&The Hops taldearekin, Aterpe tabernan.
Uztailak 13, domeka
• 12:30 Greg Izor & Emilio Arsuaga, 1990 tabernan.
• 19:00 Los Galerna, Taupa tabernan.
• 21:00 Lost Acapulco, Taupa tabernan.