Prentsa agerraldia egin du Santa Marinako jai batzordeak, helburu bikoitzarekin. Batetik, sortu berri duten taldea aurkeztea eta, bestetik, prestatu duten egitarauaren berri ematea.
Eskarne Garitaonandia batzordekideak eman ditu azalpenak eta, adierazi duenez, iaz saiakera txiki bat egin zuten batzorde bat sortzeko."Baina berandu ibili ginen, ez zen posible izan. Beraz, aurten lortu dugu jai batzorde bat sortzea. Batzorde horretan, auzune guztiko herritarrak gaude: Santa Marina, Makatzena, Agerre, Obenerreka, Galizia, Santa Teresa eta Hondarribia".
Sumatu dute azken urteetan gain behera doazela Santa Marinako jaiak, eta biziberritu egin gura dituzte: "Uztail erdi ingurua izanik, jende asko oporretara joaten da eta, horrez gain, beste hainbat lekutan ere ospatzen dituzte jaiak hemen inguruan, Portasolen, esaterako. Ez dakigu horregatik den, baina azken urteetan oso jende gutxi egon ohi zen, eta prestatu dugun egitarauarekin, jaiak berpiztu gura ditugu".
Jende gaztea eta helduagoa daude batzordean, eta hori ere aberasgarria dela nabarmendu dute, gustu guztietarako ekintzak antolatzea errazagoa delako horrela. "Hori dela eta, mariatxiak, bestelako kontzertuak eta umeendako edota nagusiendako ekintzak prestatu ditugu. Batzuk aipatzearren, txalaparta tailerra eta parkour tailerra egingo ditugu. Mariatxiei dagokienez, herritarrak animatu gura ditugu mozorrotu eta mariatxiekin zerikusia duen zerbait janztera", dio Garitaonandiak.
Hontza, jaietako bereizgarria
Berrikuntzetako bat da maskota bat egin dutela, Hontza, jaietako bereizgarria izango dena. "Jatorriari dagokionez, ez daukagu azalpen handirik; agian, gautxoria delako eta gu ere pixka bat gautxoriak bagarelako. Auzoan artista asko ditugu eta, horietako batek, hontz polit bat egin digu, jaietarako irudia izango dena". Txosnaguneari ere Hontza izena jarriko diote.
Jaietako zapietan, nola ez, hontza izango da irudia eta salgai jarri dituzte, 2,5 eurotan. Era berean, muturrekoak euro batean dituzte salgai, eta hortik ateratako dirua Mara San Jose haurrari laguntzera bideratuko dute. Horrez gain, 11993 zenbakira ekarpena egiteko aukera ere egongo da, bizum bidez.
Bazkari bateratua eta trena
Beste berrikuntzetako bat da bazkari herrikoia eta nagusien bazkaria bateratu egingo dituztela, uztailaren 19an, eta nagusiendako prezioa merkeagoa izango da, gainera. "Bazkari hori Makatzenako frontoian egingo dugunez, tren turistiko bat jarriko dugu, herritarrak frontoira eramango dituena. Gainera, auzunean bakarrik ez, erdigunera ere jaitsiko da, San Frantzisko eliza atzeko biribilguneraino, arrasatearrak jasotzera. 13:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara emango du zerbitzua, doan", zehaztu du Garitaonandiak.
Azkenik, azpimarratu dute, auzotarrentzat bakarrik ez, arrasatear guztientzako jaiak direla. Hori dela eta, dei egin diete jaiez gozatzeko.
Jaietako egitaraua
Oharra: Iñi & Lai taldearen ordez, Alex Ferreira ariko da zapatuan.
Auzoa biziberritzeko helburua
Sortu berri duten batzordea izan arren, taldeko kideek nabarmendu dute bestelako ekintzak antolatzeko asmoa ere badutela, jaietatik harago, auzoa bizirik mantentzeko helburuarekin. "Hala ere, lehenik jaietan zentratuko gara; gero gerokoak".