Hutsik eta utzita geratu da ostera Atxabalpe

Xabier Urtzelai 2025ko uzt. 4a, 12:00

Hamarkada batez Atxabalpen entrenatzen ibili eta gero, Eibarrek agur esan dio Arrasateko futbol zelaiari, amaitzear dituzte-eta Kirol Hiria berriko lanak. Udala beste erabilpen batzuk aztertzen ibili da, baina, oraingoz, instalazioak itxita egongo dira.

Egun gutxi batzuk behar izan ditu Atxabalpek garai bateko abandonu itxurara bueltatzeko. Nahikoa izan da Eibarrek denboraldia amaitu zuenetik, ekain hasieratik, berdegunea ez ureztatzea –eta mudantza egitea–, Atxabalpek 2007 eta 2014 urte bitartean izan zuen itxurara bueltatzeko. Klub armaginak eta Arrasateko Udalak 2014ko uztailean sinatu zuten Arrasateko futbol zelaia alokatzeko hitzarmena, eta 2007tik erabiltzeke zegoen zelaiari bigarren bizitza bat eman zioten hamaika urtez. Orain, Udalak GOIENAri adierazi dio momentuz kirol instalazio horiek ez dutela beste erabilpenik izango; izan ere, herriko beste klub batzuekin harremanetan jarri badira ere, inork ez du interesik erakutsi. "Gainera, begira ibili gara eta Atxabalpe mantentzea garestia da [behean dago taula]", adierazi du Mikel San Miguelek, Kirol zinegotziak.

Atxabalpek orain duen itxura, aste gutxi batzutan ureztatzeari utzi eta gero.

Klub armaginak eta Arrasateko Udalak 2014ko uztailean sinatu zuten Arrasateko futbol zelaia alokatzeko hitzarmena

Herrigunetik urrun

Atxabalpe herrigunetik urrun dago, beti egon da urrun; bereziki, seme-alabekin aurrera eta atzera ibili behar duten gurasoendako. Eta horregatik ez da erakargarri, esaterako, Mondrakoendako edo Arrasate Rugby Taldekoendako. Udala klub horiekin jarri da harremanetan, baina inork ez dio erabilpen argirik ikusten. Eta ez da zelai horiek aprobetxatzea ederra izango ez litzatekeelako. "Pena da, baina Atxabalperi, oraingoz, ez diogu beste erabilpenik emango", dio San Miguelek.

Errugbikoek baino behar handiagoak izango dituzte, seguru, Mondrakoek, talde kopuru eta neska-mutiko gehiago dituztelako. Baina talde batzuk Mojategitik Atxabalpera bideratzeak esfortzua ekarriko luke, bai logistika aldetik eta baita kirol materialean inbertsioak egin beharko lituzketelako ere. "Kuriositate moduan, Kataluniako Terrassa Futbol Klubeko ordezkariak ere jarri dira gurekin harremanetan –Bigarren REF Mailan jokatzen dute–, udan Atxabalpeko instalazioak erabiltzeko eskaera egin ziguten, baina mantentze-lanen kostua zein zen ikusita, ezezkoa eman genien. Eibarrek lorezainak zituen, instalazioen mantentze- eta garbiketa-lanetarako langileak... Erabilpen garbirik izan behar ez badu, hobe da diru hori beste behar batzuetara bideratu".

Udala Mondra futbol taldearekin eta errugbikoekin jarri da harremanetan, baina ez diote erabilpen garbirik ikusten

Hamaika urte atzera eginda

2014ko uztailean batu ziren hitzarmena sinatzeko Inaxio Azkarraga-Urizar (Bildu) alkatea eta orduko Eibarko ordezkari German Albistegi. Talde armagina Lehenengo Mailara igo berria zen, eta Ipuruako eta Unbeko azpiegiturak ez ziren nahikoa, zelai propioa behar zuten aste barruan entrenatzeko. Hainbat aukera aztertzen ibili eta gero, Atxabalpe alokatu eta hura konpontzeko erabakia hartu zuten.

Arrasateko alkate Inazio Azkarraga-Urizar eta Eibarko ordezkari German Albistegi, 2014an, lehen hitzarmena sinatzen, kazetarien aurrean.

Hitzarmena sinatu eta bost hilabete geroago, berdegunea prest zegoen Eibarren entrenamenduak hartzeko; 2014ko abendua zen, eta Eibarrek liga hasiera ona egin zuen. "Oso pozgarria da Arrasateko herriarendako, esperantza dugu Eibarrek orain arte bezain ondo jarraituko duela, punta-puntan, eta horrela bada Arrasaten ere zaleak izango ditu Eibarrek". Inaxio Azkarraga-Urizar alkatearen esanak dira horiek, Atxabalpe berritua inauguratu zutenean. Ondoan zuen Eibarko presidentea, Alex Aranzabal, eta hura ere pozik zen bost hilabeteko lanen ondoren Atxabalpek hartu zuen itxurarekin. "Jendeak jakin behar du Eibarko lehenengo taldeak inoiz ez duela belar naturaleko zelai propiorik izan entrenatu ahal izateko, eta Atxabalpek horretarako aukera emango digu. Ibili izan gara Berrizen entrenatzen, Azpeitian, Bergarako Agorrosinen... Eta orain Atxabalpen entrenatu ahal izango gara. Hona etorriko dira futbol jokalari ezagunak, komunikabideak... Bizitza ekarriko dio ostera ere inguru honi, eta hori ere ona da Arrasaterendako", zioen. 

Udalaren aurreikuspen arabera, gutxi-gorabehera, urtean gutxienez 60.000 euro behar direla Atxabalpe mantentzeko

Agorrosindik Atxabalpera

Hain zuzen, entrenatzeko zelai berriarekin Eibarrek Agorrosin erabiltzeari utzi zion, Bergarako futbol zelaia izan zen-eta, belar naturalarekin, hilabete batzuetan izan zuten behin-behineko irtenbidea, eta, horretarako, Agorrosingo zelaia konpontzeko lanak ere egin zituen Eibarrek. "Eskerrak eman nahi dizkiogu Bergarari, denbora tarte honetan eskaini digun laguntzagatik, baina zelai propioa izateak beste aukera batzuk ematen dizkigu, eta Bergaran ez genuen horretarako aukerarik", zioen Atxabalpeko inaugurazioan Aranzabal presidenteak. Bitxikeria moduan, Gaizka Garitano zen orduko Eibarko entrenatzailea, eta hura ez zen horren pozik Arrasatera etorri behar izatearekin: "Tira, zelai propioa izatea ondo dago, baina gainontzeko instalazioak Eibarren ditugu eta hona etortzeko 30 minutu egin behar ditugu autoz". Eibarrek 60.000 euroko inbertsioa egin zuen Atxabalpe egokitzeko, eta hilean 600 euroko errenta adostu zuten Udalarekin. Zenbait konponketa egin, eta belardi berria jarri zuten; zazpi urtez utzita egon bazen ere, zorionez, drainatze-sistema hondatu gabe zegoen.

Urtebetera, baina, beste hitzarmen bat egin zuten Udalak eta Eibarrek, Maria Ubarretxena (EAJ) alkate zela. Zelai batekin nahikoa ez, eta ondoko hareazkoa ere egokitu zuten, baita orduko harmaila zaharrak kendu –araudira egokitzeko– eta aldagelak berritu ere. Orduan Eibarrek beste 80.000 euro gastatu zituen; Udalak ez zuen errentari dagokionez etekin handiagorik lortu, baina Eibarrek urtero lagunarteko bat antolatzeko konpromisoa hartu zuen. "Herrian ze futbol zaletasun dagoen ikusita, pozik gaude herrira talde politak etorriko direlako eta horrek herriko ostalaritzari ere mesede egingo diolako", zioen Ubarretxenak. 2015eko azaroa zen, eta alkateak eta Alex Arantzabalek sinatu zuten akordio berria, udaletxean.

Eibarrekin hitzarmena berrikusita, 2015ean beste zenbait lan egin zituen Eibarrek Atxabalpen. Besteak beste hareazko zelaia ere egokitu zuten. 

Duela 11 urte Eibarrek hilean 600 euro ordaintzen zituen Atxabalpe alokatzeagatik, baina instalazio prekarioak ziren. Gaur egun 14.000 euro ordaintzen zituen hilero

Hitzarmen hari esker, urte hauetan Eibarrek Garagartzan jokatutako lagunartekoetan aurrean izan ditu, besteak beste, Sanse, Barakaldo, Tudelano, Mirandes eta Osasuna taldeak. Eta partidu horietan Atxabalpen giro polita izan bada ere –zaleek ondo erantzun izan dute–, egiari zor, urte hauetan guztietan Eibarrek Arrasaten entrenatu izanak ez du aparteko eraginik izan herrian.

Uztailean Atxabalpen antolatu izan dituzten lagunartekoek erantzun ona izan dute zaleen partetik.

Baldintzak hobetzen joan ziren

2018ko urrian, SD Eibarreko akziodunek erabaki zuten klubak kirol instalazio propioak behar zituela; alegia, kirol hiri bat sortu behar zutela. Kirol hiri hori Mallabian egin dute, eta Eibarrek bertan hasiko du denboraldiaurrea. 2018an, baina, kirol hiria proiektua baino ez zen, Eibarrek elitean jarraitzen zuen eta Atxabalpek ezinbesteko izaten jarraitzen zuen. Ubarretxenak eta Eibarko presidente Amaia Gorostizak hitzarmena berritu zuten, eta lau urterako luzatu, 2021era arte. Horrek egonkortasuna ematen zion kirol proiektuari, eta, aldi berean, Arrasateko Udalak baldintza hobeak lortu zituen. Eibarrek lursailak erabiltzearren ordaindu beharreko hileko kuota 1.200 eurotik 5.450 eurokoa izatera pasa zen. Hala, kontratu berriarekin, Arrasateko Udalak 65.400 euro jasoko zituen urtean, lehen baino 51.000 euro gehiago. "2014an egin zen lehen kontratua, eta orduan eremu hura oso egoera prekarioan zegoen. Tarte honetan zehar aldaketa eta hobekuntza prozesu batean egon da Atxabalpe, eta, behin egonkortu denean, kontratua berritzea tokatzen zen. Hirigintza Sailetik ezarri dute prezioa, lursailaren baldintzak eta erabilpenak kontuan hartuta", azaldu zuen orduan alkateak. 2021etik hona Eibarrek Atxabalpe erabiltzen jarraitu ahal izan du, eta egun 14.000 euro ordaintzen zituen hilero. Orain erreta daude bi belardiak, eta hutsik, eta utzita, harmailak.

Atxabalpeko gastuen aurreikuspena

Udalak zenbait inbertsio egin beharko lituzke Atxabalpe ostera ere erabilgarri egoteko, harmailak, aldagelak eta argiteria egungo araudira egokitu beharko liratekeelako. Gastu horiek ez daude behean aurreikusita:

  • Belarra mozteko makineria erostea (behin) 28.000 €
  • Belarra astean behin moztea 15.000 €
  • Belarra astean birritan moztea (Eibarrek egiten zuen) 34.000 €
  • Uraren kontsumoa 12.000 €
  • Argindarraren kontsumoa (potentzia faltan) 12.000 €

Oharra: Aurreikuspen hauek gutxi-beherakoak dira, eta ez daude instalazioen garbiketa, bertako asegurua edo bestelako gastuak aurreikusita. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak