Del Val taldearen kantu berriak sarean entzungai

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko eka. 13a, 09:07

Jon Garcia, argitaratu berri duen Lo ezin kantuko bideoklipean. Argazkia: Maite Artajo.

Jon Garcia Del Val musikari arrasatearrak gidatzen duen Del Val taldeak Duda-muda karrusel geldiezina izeneko bigarren diskoa estreinatu du asteon Spotify plataforman; zortzi kantuko bilduma udazkenean argitaratuko dute formatu fisikoan.

Eskarmentu eta musika ibilbide luzea duen Jon Garcia Del Val musikari arrasatearra buru-belarri ari da 2022an abiatu zuen Del Val izeneko proiektu pertsonalarekin. Iruñeko Musika Kontserbatorioko garai bateko ikaskide batzuk lagun, 2023an argitaratu zuen taldearen izen bera duen estreinako kantu bilduma plataforma digitaletan, eta asteon argitaratu du, Spotify plataforman, zortzi kantu berrirekin osatutako Duda-muda Karrusel Geldiezina bilduma. "Doinuei begiratuta, kantu nahiko malenkoniatsuak dira, melodia errazak eta kantagarriak dira orokorrean. Musika estilo baten kokatze aldera, pop-rock elektrikoa eta alternatiboa moduan definituko nuke gure eskaintza. Sintetizadoreen eta bestelako efektuen eraginez, ahotsaren puntu soila galaktikoagoa edo psikodelikoagoa bihurtzen dela gaineratuko nuke", azaldu Jon Garciak.

Kantuen hitzei erreparatuta, berriz, zera dio Arrasateko mu- sikariak: "Bildumaren izenburuak adierazten du oinarrian hitzen esanahia; hau da, buruan bueltaka ditudan ideiak, kezkak, beldurrak... bizitzaren gorabeherak, azken finean".

Udazkenean formatu fisikoan

Deustuko El Tigre estudioan grabatu dute, Jon Agirrezabalagaren gidaritzapean, taldearen bigarren lana, eta, Ruben Sanchez bateria-jolea, Eric Deza gitarra-jolea eta German Ruiz-Alejos baxu-jolea izan ditu bidelagun. "Kolaborazio oso interesgarriak izan ditugu; izan ere, Idoia Asurmendi eta Sara Alonso Aramaioko abeslariek hainbat kantutan abestu dute eta Ander Unzaga Bilboko piano-joleak ere parte hartu du. Oso eskertuta nago eurekin".

Udazkenerako ari da kontzertu-bira lotzen, eta ordurako prest izango du lana formatu fisikoan. "Helena Azkarraga-Urizar Arrasateko ilustratzaileak egin du diseinua, eta oso pozik nago emaitzarekin".

Hiru bideoklip ere argitaratuta

Asteon argitaratu du hirugarren bideoklipa: Lo ezin. "Maite Artajo iruindarrak zuzendu du eta Nafarroako Taxoare herrian filmatu genuen. Insomniozko gau bat esperientzia estetiko indartsu bihurtzen du".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak