48 orduko grebek herri arteko zerbitzuei (Eibar eta Gasteiz artekoak, Eskoriatza-Bergara, Zumarraga-Bergara edota Zumarraga-Arrasate) nahiz hiriburuetarako loturak egiten dituztenei (Donostia-Bilbo, Donostia-Gasteiz, Donostia-Loiuko aireportua) eragingo diete.
'Jazarpen sindikalik ez!'
Goizean egin ditu adierazpenok Iregik, autobus-gidaria eta LABeko delegatua ere badenak, sindikatuak deituta Zalduspen egin duten elkarretaratzean. Lan-hitzarmenaren harira Avanzako langileak azken hilabeteetan egiten ari diren mobilizazioak direla eta, "enpresak euren bi afiliatu eta ordezkari bat zigortu" dituela salatzeko egin dute kontzentrazioa, Jazarpen sindikalik ez! lelodun pankarta erakutsiz. Bizi duten "egoerak gaindituta, istripua izandako autobus-gidari bati enpresak oso akats larria egitea egotzi eta espedientea ireki izana" da kasuetako bat, Iregik kontatu duenez. ELA, Aurrera eta UGT sindikatuen babesa ere jaso dute gaurko elkarretaratzean.
Lanordu gutxiago
Datorren greba mugagabeari begira, gidatzeaz gain egiten dituzten beste zenbat zeregin lanordu moduan aintzat hartzea eskatzen dute: "1.592 ordu eskatzea gehiegikeria irudituko zaie hainbati, akaso. Baina autobusaren hartze-uzteak eta ordu estrak kontuan izanda, 2.000 ordutara gerturatzen gara. 58 orduko murrizketa eskatzen dugu; eta, hala ere, guztiak batuta, 1.900 ordu ingururekin geratuko ginateke", azaldu du Iregik, eta adibide bat ipini du: "05:00etan atera behar banaiz Zalduspetik, ordu horretatik hasten da kontatzen nire lan-jarduna, baina lehenago joan behar naiz autobusaren bila garajera eta han begiratu behar ditut olioaren eta hozteko likidoaren mailak, gurpilak nola dauden, elbarrituentzako arrapala nola dagoen, txartelak ematen dituen makina ondo dabilen... eta azkenean denbora asko da. Eta zerbitzua bukatzen dudanean, itzuli behar naiz garajera berriz, erregai-depositua bete, kontuak egin, partea bete... egunero hiru ordu laurden inguru; urtean ordu mordo bat dira azkenean".
LAB, ELA eta Aurrera sindikatuek deituta egingo dute asteburuetako greba eta asmoa da uda osoan, gutxienez, eustea. "Enpresa mugitzen ez bada, pentsatu beharko dugu guztion artean greba mugagabea egunero egitera igaro edo zer, enpresa hitz egitera derrigortzeko", gehitu du Iregik.