Herriko margolarien azoka, erakusketaren osagarri

Hasier Larrea 2025ko mai. 22a, 16:01

Iazko azokako irudia.

Arrasate Margo Taldeko hamasei kideren lanak egongo dira ikusgai urtero Seber Altube plazan egiten den Arte Azokan, zapatu goizean. Aurtengo hitzorduak taldeak Kulturateko klaustroan instalatuta daukan erakusketarekin bat egingo du.

Ez da ohikoa Arrasate Margo Taldeak publikoari begira egiten dituen urteko bi ekitaldi nagusiak garai berean izatea, baina aurten horrela tokatu da, eta, eragozpena baino gehiago, aukera bezala hartu dute margolariek. "Kulturateko erakusketa joan den abenduan egitekoak ginen, baina Udalaren agenda kontuengatik maiatzera atzeratu genuen, kaleko azoka egiten dugun data ingurura. Uste dugu oso interesgarria izan daitekeela bi ekitaldiak hilabete berean egitea, jendeak aukera izango baitu artistei edozein galdera edo iradokizun egiteko, bai azokari eta bai erakusketari buruz", aipatu du AMTko Jose Angel Iturbek.

Klaustroan gailentzen diren antzeko margolan-motak aterako dituzte taldeko hamasei margolarik Kulturateko paretaz bestalde, bihar, zapatua, 10:30etatik 14:00etara. "Teknika piktorikoan oinarritutako akriliko, olio, akuarela eta collageak, eta estilo aldetik, askotariko koadroak; obra abstraktuak, inpresionistak, konstunbristak, fauvistak, pop arte kutsukoak, erromantizistak eta errealistak", zehaztu du Iturbek. 

AMTko kideak, maiatz hasieran, Kulturateko erakusketaren inaugurazioan.

ARRASATEKO KULTUR TALDEEKIN SINERGIA GEHIAGO SORTZEKO PREST DAUDE AMT-KO KIDEAK

Aurrez aurrekoaren xarma

Lanak kalean erakusteak ikuslearen eta artistaren artean harreman berezia sortzen duela gaineratu du: "Sortzaileoi obrari buruzko pertzepzio hurbilagoa eta errealagoa ematen digu; xehetasun asko antzeman ditzakegu koadroak eragiten dituen begirada, behaketa eta iruzkinetan. Aurrez aurrekoan gertatzen dena oso aberasgarria da". 

Azken finean, lanak ikustarazteko eta saltzeko egiten da azoka, eta margolarien artean beti egoten da bakoitzari nola joan zaion jakiteko kuriositatea. Norberak erabakitzen du bere obrari zein prezio jarri, baina erosleak ere zeresan handia izaten du, "negoziatzeko marjina uzten dugulako". Jendeari gehien zein estilo gustatzen zaion jakitea "zaila" dela nabarmendu du: "Beharbada, errealista; edonola ere, arrasatearrak oso irekiak dira, eta esango nuke, oro har, gogo onez onartzen dutela estiloen aniztasuna".

Margolariek ere erakusten dute ingurunearekiko jarrera irekia. Iaz, esaterako, gaitariek emanaldia egin zuten Seber Altuben une berean, eta haiei erretratuak egiteko baliatu zuten abagunea: "Izan ere, sinergia gehiago sortu nahiko genituzke Arrasateko kultur taldeekin". Hiru ordu eta erdi iraungo du azokak, baina taldekide gehienen obrak maiatzaren 30era arte daude ikusgai Kulturaten, 17:30etik 20:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak