Arrasate Margo Taldeak prest du erakusketa, hilabete osorako

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mai. 9a, 10:29

Taldeko kideek atzoko ekitaldian ateratako talde argazkia.

Atzo egin zuten irekiera ekitaldia, eta maiatzaren 30era arte egongo da ikusgai, Kulturateko klaustroan, astelehenetik zapatura, 17:30etik 20:30era.

Normalean, urte bukaeran egin ohi dute erakusketa, baina iaz Kulturaten lekurik ez zegoela eta, orain egitea erabaki dute. "Izan ere, aurtengo abenduan ere ez zegoen lekurik. Beraz, orain egingo dugu, bestela ez genuelako aukerarik; gogotsu gaude, egia esan", dio Marga Zubiak, taldeko kideak.

Gaur egun, 28 kide ditu Arrasate Margo Taldeak, eta horietako 22 kideren artelanak ikusi ahal izango dira erakusketan. "Klaustroetan hogei kideren lanak egongo dira eta erdigunean, beste birenak, leku faltagatik".

Halaber, denetariko lanak egongo dira: akuarela, akrilikoa, olio-pintura, teknika mistoak eta collageak. "Gai eta teknika aldetik oso ezberdinak dira lanak, eta horrek aberasten gaitu. Gure taldeak daukan gauza positiboetako bat hori da, bakoitzak bere teknikak eta gaiak dituela".

Atzoko irekiera ekitaldia baliatu zuten taldeak egiten duen lana ezagutarazteko. "Askok uste margotu bakarrik egiten dugula, baina bestelako lanak ere egiten ditugu. Esaterako, 4, 5 eta 6 urteko haurrekin eskulanak eta margolanak egiten ditugu Kulturolan. Oraingoz hiru saio egin ditugu eta oso ondo joan dira". 

Maiatzaren 24an, Arte Azoka

Erakusketa maiatzean izanik, aurtengo berezitasuna da Arte Azokarekin bat egingo duela; izan ere, hilaren 24an egingo dute azken hori, 10:00etatik 14:00etara, Seber Altube plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak