Margotutako horma-irudiaren mezu nagusia Ez ito binarismoan, irten gainazalera izan zen. Irudian, ur azpiko figura bat ageri da binarismoaren presioa irudikatzeko. Murala igerilekuko kanpoko paretan egin dute, eta kokaleku horrek badu esanahi berezia. Miau estudioko Maria Osesek azaldu zuenez, "binarismoaren arauak jarraitzen dituen leku sinbolikoa dela uste dugu, batez ere, kirola hori sustatzen duen mundu bat delako", hori salatzeko pareta horretan "garrantzitsua" ikusten zuten horrelako mural bat egitea.
Muralak mezu garbia izateaz gain, osagarri desberdinez osatuta dago. Gainera, interpretazio librera bideratzen duen irudi bat ere aurki daiteke bertan: "Irudian pertsona bat urpean agertzen da, binarismo horrek sortu dezakeen itotze sentsazio hori irudikatzen duena. Ondoan bikoiztutako zaldi bat dago, eta horren interpretazioa askea da".
Antolatzaileen esanetan, helburua espazio seguru bat sortzea izan da. Morbor kolektiboko Oihan Zubizarretak gogorarazi du sexu eta genero disidenteek oraindik ere diskriminazioa jasaten dutela egunerokoan: "Kolektiboa oldarraldi berri baten aurrean dago; faxismoak, matxismoak eta LGTBIQ+fobiak gorakada nabarmena izan dute", adierazi du.
'Ikusgarriak gara': hilabete osoko egitaraua
Murala izan da Ikusgarriak gara izeneko egitarauaren abiapuntua. Arrasateko Emakume Txokoak, Morbor kolektiboak eta Miau Estudioak elkarlanean antolatu dute hilabete osoko programa, LGTBIQ+ kolektiboa ikusgarriago egiteko. Datozen asteetan hainbat jarduera egingo dira: maiatzaren 22an Satiro antzezlana; ekainaren 5ean Zinegoak film laburren emanaldia; ekainaren 13an, LGTBIQ+ diagnosiaren aurkezpena; eta ekainaren 28an, egitaraua itxiko duen elkarretaratzea Herriko Plazan.