Seber Altube plaza, aniztasunaren erakusleiho

Goiatz Arana Begiristain 2025ko mai. 16a, 20:40

Azoka egin dute goizean, Aniztasun Hilabetearen baitan. IMME elkarteak antolatuta, Aspacek, Garagunek, Arizmendi Ikastolak (ZIG), eta Activos/as por un Mundo Solidario (AMS) eta Amerika elkarteek ere parte hartu dute. Euren lana ezagutzera gerturatutako jendearen joan-etorria etengabea izan da.

Bitxiak, jantzi tradizionalak, kosmetikako produktuak, jakiak, espezieak, otarreak... parte-hartzaileek askotarikoak ipini dituzte erakusmahaietan: "Eskuz egindako lanaren erakusgarri dira gehien-gehienak. Eta herritarrak kuriositatez eta beldur barik hurbildu dira horiek ikusi edota probatzera. Oso pozik gaude", adierazi du IMME elkarteko Djamila Zereibyk.

Beste herrialde batzuetan jatorria duten emakumeen komertzio eta enpresa txikiei egin diete lekua, tartean: "Etxetik kanpo ere aktibo gaudela, eta kolore, etnia eta erlijio ezberdinetako jendea Arrasaten elkarrekin ari garela lanean erakutsi nahi izan dugu. Aniztasun horrekin etorkizun bikainagoa sortzen dugu", gaineratu du.

Balorazio positiboa egin du AMSko eta Garaguneko ordezkari Isabel Medinak ere: "Jende asko ibili da. Arizmendi Ikastolatik, adibidez, neska-mutiko mordoa etorri da, eta guretzako oso garrantzitsua izan da zer eta nola egiten dugun eurei erakutsi ahal izatea. Askotariko herritarrak ere hurbildu dira eta balorazioa oso positiboa da". Gela eta tailer barruetan egiten duten lana kalera ateratzeko espazioak bilatzen dituztela adierazi du eta gaurkoa aukera berezia izan dela: "Egiten dugun lana eta komunitateari egiten diogun ekarpena gizarteratzea dira helburuak", azpimarratu du. 

Hilabeteko egitaraua aurrera ateratzeko Arrasateko Aniztasun Mahaiak aste luzez egindako lana goraipatu du Djamila Zereibyk, eta kultura-, hizkuntza- eta sexu-aniztasuna ikustarazteko bide luzea geratzen dela egiteko gehitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak