Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak 'Ausartzen' liburua aurkeztu du batzar nagusian

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mai. 16a, 11:59

Urteko batzar nagusia egin zuen Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak (ALE) atzo, Garaian. Iazko ekitaldiko kudeaketa txostena eta aurtengo kontuak aztertu eta onartu zituzten. Ostean, 2025erako Kudeaketa Planean sakondu zuten. Amaitzeko, Mondragoneko Batzorde Iraunkorreko presidente Leire Mugerzak Mondragon: 2028 bideorria aurkeztu zuen.

ALEren 2025eko Kudeaketa Planak legatua, hezkuntza, ezagubidea, sorkuntza, komunikazioa eta lankidetza jasotzen ditu, eta horien buruzko xehetasunak eman zituzten banan-banan arlo bakoitzean aritzen diren elkarteko kideek.

Lourdes Idoiaga ALEko lehendakariaren esanetan, aipatzekoen artean, hezkuntza arloan kooperatibismoaren enpresa eredua sustatzea da asmoa. Lankidetzan, berriz, Mondragon Unibertsitatea eta Lankirekin dituzten elkarlanei egin zien erreferentzia. Mondragon Team Academy-ko ikasleen aholkularitzarekin ere, sare sozialetan murgiltzeko jauzia egin dute, "kooperatibismoaren printzipio eta balioak" jende gazteagoarengana heltzeko.

Alabaina, sorkuntzen atalean, Suspertzen argitalpenaren ondorengo Ausartzen izeneko liburua aurkeztu zuten: "Lehen Suspertzen izan zen. Bigarren Ausartzen honetan planteatzen dena da kooperatibismoaren ideologia kooperatibo hori 2040ra begira. Azkenean, ikusita kanpotik datozen erasoak edo aldaketak barruan gobernantza inguruan bilatu behar dira gaurkotasunetik, baina 2040ra begira".

Legatuari jarraipena

Azken hamarkadako legatuari jarrituz, Arizmendiarrietaren idatzien bilduma jasotzen jarraitzen dute, eta asmoa da biltzen duten informazio guzti horrekin Arizmendiarrietak "inoiz idatzi ez zuen liburua" idaztea: "Arizmendiarrietaren bibliografia guztia barreiatuta zegoen hainbat artxibo eta lakuntan. 10 urte pasa daramatza ALEk guztiaren bilduma egiten, eta une honetan MUko bibliotekarekin eta ISEarekin batera ari gara. Ia 10.000 zita daude Arizmendiarrietarenak, tartean, publikatutako liburu batzuk, eskuzko idatziak, sermoiak edota bolanderak. Horrekin Arizmendiarrietan inoiz idatzi ez zuen liburua idaztea da asmoa".

'Mondragon: 2028 bideorria'

Batzarraren ostean, Mondragoneko Batzorde Iraunkorreko presidente eta Kongresuko presidente Leire Mugerzak Mondragon 2028 bideorria-ri buruzko hitzaldia eman zuen. 2025etik 2028ra bitarteko erronkak zeintzuk diren eta horiei erantzuna zelan eman azaldu zuen. Erronken artean bi nabarmendu zituen: anbizioa eta ilusioa.

Haren esanetan, anbizioa dago berriro Mondragonen erronketan; bai Taldearen identitate korporatiboa lantzeko, baita etorkizuneko negozio jasangarriak egiteko interkooperazioaren bitartez.

Halaber, gustura hartu zuen ALEren partetik, hitzaldia egiteko proposamena: "Plazera da. Hemen ikusten ditugun pertsonak gure mugimendu kooperatiboan ibili diren pertsonak dira, historian erreferenteak izan diren asko. Haiekin partekatzea haiek utzi duten legatua nola lantzen ari garen etorkizunerako, plazera da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak