Iturripeko aurreproiektuaren berri emateko prentsa agerraldia egin dute Maider Morras alkateak, Mikel San Miguel Kirol zinegotziak eta Aitor Jauregi Hirigintza Saileko teknikari buruak.
Adierazi dutenez, berritasun nabarmenena espazioaren okupazio ahalik eta txikiena egitea izan da. "Hala, auzotar eta herritarrentzat aisialdirako espazio jasangarria lortzeko aukera zabaldu zaigu. Horretarako, baina, gaur egungo eraikinak eraitsi beharko ditugu: kiroldegi zaharra eta frontoiak", dio Maider Morras alkateak.
Hasieran eraikin nagusia mantentzea aurreikusten bazuten ere, txosten tekniko baten arabera eraikinaren birgaitzea ez da bideragarria, Jauregik azaldu duenez, "egungo egitura, osasun eta funtzio gabezien ondorioz". Hezetasunak eragindako patologiak daudela dio, "zutabeei eta itxiturei eragiten dietenak", eta ez dutela "konponbide eraginkorrik neurriz kanpoko esku-hartzerik" gabe. "Egiturak ere, garaiko araudien oinarrian diseinaturikoa izanik, ez du bermerik ematen birgaitzeak eskatutako zein egungo araudiak betetzeko eskatzen zaizkion kargei aurre egiteko. Ez eta karga horiei egungo eraikinaren zimenduek modu egokian eusteko ere".
Hiru eremu izango ditu kiroldegi berriak
Kiroldegi berria hiru espazio edo eremutan banatuko dute, eta erdian pasabide bat izango du, Uribarri etorbidetik Loramendi kalera zeharkatzeko, San Miguelek zehaztu duenez.
Ekialdeko eremua kirol klubei zuzenduta egongo da orokorrean. "Bi kirol pista handi izango dira. Bata -1. solairuan eta bestea, lehen solairuan. Biek izango dituzte harmaila atxikiak. Horrez gain, -1. solairuan, hemezortzi aldagela egongo dira klubentzat; tatami bat; kirol klubentzako gimnasioa; eta bestelako biltegi eta instalazioak. Halaber, beheko solairuan herritar eta auzotarrei zabalik izango den taberna egongo da".
Erdialdeko zatian egingo dute eraikin zentrala. Lau solairu izango ditu guztira eta kiroldegiko bazkideentzako askotariko instalazioak jasoko ditu, zinegotziak azaldu duenez. "Garrantzitsuena gimnasio handi bat izango da. Helburua da bihotz eta muskulazio gimnasio duina jartzea. Modu horretan, Musakolakoaren erabilera arintzea lortuko dugu, gimnasioa erabat berritua emanez erabiltzaileei". Era berean, askotariko erabileretarako aretoak, aldagela kolektiboak eta administraziorako espazioa ere jasoko ditu eraikinak, besteak beste.
Azkenik, mendebaldean kokatuko dituzte frontoi berriak. "Bata itxia izango da, kirol kluben erabilerarako, harmailarekin; eta bestea herritarrentzat irekia, sortuko den plaza berde berrira begira egongo dena".
Ibai ertzean, aisialdi gunea
Frontoi zaharrak eraitsita, ibai ertzean aisialdi gune bat sortzea aurreikusten du aurreproiektuak. "Zubi txikia desagertzeak ahalbidetuko du lurzoruaren maila jaistea eta errekaren inguruan aisialdi gune berri bat sortzea", alkateak. Horrek natur espazio berri bat zabaltzen duela baieztatu dute udal ordezkariek, "herritar orori zabalik egongo dena, errekarekin harremana berreskuratuz".
Horrez gain, eraikinaren bueltan dagoen plaza guztia berdeztatuko dute. Hala, egungo aparkalekuak desagertuko egingo dira eta MUren eta Iturripeko gunearen artean hamabost metroko tartea egongo da, "berdeguneak txertatzeko aukera emanez".
Obrak 2026an hasiko dituzte
Kirol klubekin bilera erronda egin dutela azaldu du alkateak eta hainbat ekarpen ere jaso dituztela. Epeei dagokienez, zera adierazi du: "Aurreikusten dugu behin betiko proiektua irailerako edo urrirako egotea, ondoren obra lizitazioa bideratzeko. Hala ere, Udalak Plan Berezi bat ere izapidetu beharko du eremurako obrak abiatu baino lehen".
Hori dela eta, aurreikuspena da 2026ko lehen hilabeteetan lanak hasteko moduan egotea. "Obren iraupena behin betiko proiektuak zehaztuko du, baina aurreikuspenen arabera, litekeena da bi urte inguru irautea", nabarmendu du Morrasek. Hala, 2028rako bukatzea da asmoa. "Epe horretan kirol klubek ezingo dute Iturripe erabili eta alternatibak bilatzen ari gara".