Ekintzaz betetako hilabetea, LGTBIQ+ kolektiboa ikusgarriago egiteko

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mai. 15a, 10:58

Morborreko eta Miau estudioko ordezkariak, udal ordezkariekin batera.

Lehen aldiz, LGTBIQ+ egitaraua antolatu du Arrasateko Udaleko Emakume Txokoak, Morbor taldearekin eta Miau estudioarekin elkarlanean, Ikusgarriak gara lelopean. Lehen ekintza zapatuan egingo dute, LGTBI+ fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, hain zuzen.

LGTBIQ+ politikak "lehen lerrora" eramateko konpromisoari eutsiz, lanean ari direla adierazi du Eva Abuinek, Feminismoak eta LGTBIQ+ Saileko zinegotziak. Bide horretan, hilabeteko egitaraua prestatu dute, maiatzaren 17tik ekainaren 28ra egingo dutena.

Zapatuan abiatuko dute egitaraua, Morbor eta Miau Estudioak antolatutako mural pintaketa parte-hartzailearekin. Maiatzaren 17a LGTBI+ fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta egun hori baliatu dute, hain zuzen, murala egiteko. Morbor taldeko Arkaitz Agirrezabalek  zera nabarmendu du: "Gaur egun, oldarraldi matxista, faxista eta atzerakoiaren aurrean, identitate guztien eta askeen aldarrikapena egin nahi dugu".

Horretarako, kiroldegiko igerilekuko kanpoko pareta aukeratu dute, "kiroldegiak bitartasunaren adierazle zorrotzak direlako, eta pertsona ez-bitarrek ez dutelako lekurik kiroldegietan, ezta kirol taldeetan", nabarmendu du Agirrezabalek. Ekimena parte-hartzailea izatea nahi dute eta, horretarako, musikaz eta bermutaz girotuko dute goiza. "Sortuko den espazio segurua izatea nahi dugu, horregatik, kolektiboko pertsona guztiak gonbidatu nahi ditugu ekimenera". Muralaren diseinua Miau estudioak egin du.

'Satiro' antzezlana, hilaren 22an

Maiatzaren 22an, Xanti Agirrezabalaren Satiro antzezlana izango da Juan Arzamendi Musika Etxeko auditorioan, 19:00etan –sarrera, doakoa–. "Maskulinitatea, desira, fantasia sexualak eta jarduera sexual ez normatiboak jorratzen ditu Agirrezabalak, satiroaren figura ardatz hartuta. Satiroa, izan ere, sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia da: gizonezko lizun, likits, zantar eta haragikoia; basoetako jeinua, erdi gizona erdi animalia, giza enborra eta aurpegia, aker-zangoak, adarrak eta isatsa zituena; ardoa edaten, jostatzen eta dantzan ibiltzen zena", azaldu du Emakume Txokoko Berdintasun teknikari Amets Beltran de Guevarak.

Zinegoak: urteroko hitzordua

Bestetik, dagoeneko ohikoa bilakatu den Zinegoak Hedapena izango da Arrasaten, Bilboko LGTBIQ+ film laburren jaialdiko luzapena. Sei film ikusteko aukera egongo da eta horietatik hiru Euskal Herrikoak izango dira; bat brasildarra; beste bat AEBkoa eta, azkena, Espainiakoa. Ekainaren 5ean proiektatuko dituzte film horiek, 18:30ean, Kulturateko areto nagusian. Ondoren, luntx txiki bat egongo da, "ikusitakoen inguruan solas egiteko".

Diagnostikoaren aurkezpena, ekainaren 13an

Arrasateko LGTBIQ+ diagnostikoa eta ekintza plana aurkeztuko dute publikoki ekainaren 13an, Kulturateko klaustroan, udal ordezkariek, Eihera kooperatibako kideek eta Morbor taldeak. "Urtebetez dozenaka eragilerekin egindako lana aurkezteko hitzordua izateaz gain, Arrasateko LGTBIQ+ kolektiboari aitortza egiteko ekitaldia izatea nahi dugu. Horregatik, ekitaldiaren ondoren ekimen ludikoa egingo dugu. Eguna gerturatu ahala joango gara xehetasun guztiak ematen", dio Beltran de Guevarak. 

Agirrezabalek prozesuaren aberastasuna azpimarratu du. "Morborreko kideok prozesuan parte hartu dugu eta etengabeko harremana egon da Eiheraren eta gure artean". Halaber, Udalaren "jarrera ona" azpimarratu du, Morborrek egindako proposamenak kontutan hartzeagatik.

Ekainaren 28an, elkarretaratzea

Egitaraua borobiltzeko, Morbor taldeak deitutako elkarretaratzea izango da ekainaren 28an, zapatua, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, 12:30ean, Herriko Plazan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak