Morbor: "Errealitatea da oraindik oso bazterrekoak garela"

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mai. 15a, 17:27

LGTBIQ+ bandera, Arrasateko elkarretaratze batean.

LGTBI+ fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da zapatuan, maiatzak 17, eta Morbor taldeko kideek nabarmendu dute "ospatzeko zein aldarrikatzeko" eguna izango dela. Arrasaten, esaterako, mural bat margotuko dute.

LGTBI+ fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatu eta aldarrikatuko dute zapatuan. "Egunero egin beharreko lana izan arren, badaude egun jakin batzuk gure aldarrikapenak ozen plazaratzeko eta zapatukoa da horietako bat", diote Morborreko kideek. "Badirudi LGTBIQ+ pertsonen errealitateari dagokionez aurrerapausoak eman direla, baina oraindik gurekiko gorrotoa bizirik dago. Are gehiago, gorroto hori areagotzen ari da, faxismoaren goraldiaren garai honetan", gaineratu dute. 

Oraindik, zoritxarrez, erasoak jasaten dituztela azpimarratu dute. "Mural baten aurkako eraso sotil bat, sare sozialetan pairatzen dugun jazarpena, familietan eta hezkuntza arloan jasaten duguna edota pertsona batzuek sufritzen dituzten eraso fisikoak. Zoritxarrez, egiturazko arazo bat izaten jarraitzen du eta gizarte hau ez dago prest sexu genero disidente batentzat. Lan handia dago egiteko eta gorroto hori salatzeko egun bat da zapatukoa, baina baita aldarrikatzeko ere". 

Egoera iraultzea gizarte osoaren lana dela ere argi utzi gura izan dute: "Askok errealitate faltsu bat irudikatu gura dute, esanez lobbyen eta zenbait politiken jabe garela. Errealitatea da oraindik oso bazterrekoak garela eta hori salatuko dugu, bizitza bizigarriagoen alde lan egin nahi dugula aldarrikatuz. Eta hori ez da gure lana bakarrik, gizarte osoak egin beharreko lanketa da".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak