Arrasateko Udaleko I. Berdintasun Plana, aho batez onartuta

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mai. 14a, 11:38

Maiatzeko ohiko osoko bilkura egin du Arrasateko udalbatzak eta gai bat nabarmendu da. Izan ere, udal barneko Berdintasun Plana onartu du udalbatzak, lehenengoz. Aho batez, gainera.

Arrasateko Udalak barneko Berdintasun Plana du, lehenengoz, maiatzeko ohiko osoko bilkuran aho batez onartu ostean. Modu horretan, datozen lau urteetan egongo da indarrean, 2028ra arte. "Lau urterako plana da eta, beraz, soilik lehen urratsa; baina ezinbesteko urratsa, benetako berdintasun baterantz bidea egin nahi baldin badugu", dio adierazi du Kepa Urteaga EH Bilduren udal bozeramaileak.

Gaineratu du, legez agintaldi guztietan egin beharrekoa izan arren, lehena dela onartu berri dutena eta horri balioa eman dio. Emun kooperatibaren bitartez garatu dute plana eta hori baliatu du Urteagak berdintasun arloan lanean ari direnei eskerrak emateko. "Plan hau garatzearen alde urte askotan lan egin duten udal langile guztiei, eskerrik beroenak; baita gizartean berdintasunaren alde egunero lan egiten duten guztiei ere".

Esan moduan, aho batez onartu dute puntua eta Alderdi Sozialistak zein EAJk, begi onez ikusi dute albistea. Ander Garay udal bozeramaileak onartu du albiste pozgarria dela eta garrantzitsua dela Arrasateko Udalak halako plan bat izatea, arlo horretan aurrerapausoak ematen jarraitzeko. 

Udalerriko segurtasuna hizpide

Bestalde, galdera eta eskaeren tartean, segurtasunerako batzorde berezi bat eskatu du EAJk. "Domekan, prentsa bidez, alarma sortu zigun albiste bat ikusi genuen. Arrasate, azken urtean, delinkuentzia gehien hazi den udalerria dela Gipuzkoan. Hori dela eta, segurtasunerako batzorde berezi bat sortzea eskatzen dugu, elkarrekin honi aurre egiteko".

Udal Gobernuak erantzun dio irakurketa interesatu bat egiten duen komunikabide jakin batetik ateratako datua dela eta lesio kopuruan oinarrituta dagoela. Maider Morras alkateak zehaztu duenez, 2023an 72 lesio edukitzetik orain 114 edukitzera pasa da Arrasate eta horrek badu azalpena. "2024ko urtarrilaren 1ean, Gespoletik Eurocop programara pasa ginen eta Eurocop askoz ere zehatzagoa da. Bestalde, duela bi urte baino 583 pertsona gehiago bizi dira Arrasaten gaur egun eta horrek badu zerikusia lesioetan. Lesioak, gainera, banan-banan aztertu behar dira, ez baita gauza bera atximurkada bat edo labankada bat". Ondorioz, Arrasatek herri segurua izaten jarraitzen duela nabarmendu du alkateak.

Garayk eskertu egin dio azalpen horiek eman izana. "Azalpen hori bera batzordean ere azaldu zenezake. Batzorde berezi bat sortu gabe ere, ez daukagu inongo arazorik beste edozein batzordeetan informazio hori emanez gero".

Euskaraldiarekin bat

Azkenik, Euskaraldiari begirako argazkia egin dute udalbatzako ordezkari guztiek. Izan ere, ariketa sozialean izena eman duen entitateetako bat da Arrasateko Udala. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak