San Pankrazio Eguneko Arrautza-jaurtiketako lehiaketan 68 ikaslek hartu dute parte

Imanol Beloki Unamuno 2025ko mai. 8a, 13:59

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko 68 ikaslek baino gehiagok Arrautza Jaurtiketako Industria Diseinuko Lehiaketan hartu dute parte. Hiru kategoria saritu dituzte: urrutien iritsi dena, politena eta irtenbiderik sormenezkoena.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Arrautza Jaurtiketako Industria Diseinuko XXVI. Lehiaketa egin dute, gaur, eguena. Urtero egiten da San Pankrazio egunean, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren eguna izanda, eta, aurten ere lehiaketa arrakastatsua izan da. Hain zuzen ere, beste urte batez, Goi Eskola Politeknikoko zazpigarren eraikinetik arrautzak jaurti dituzte eraikinetik behera, helburua arrautza ahalik eta urrunen jaurtitzea izanda, arrautza bera apurtu gabe.

28 talde parte hartzen

Lehiaketaren helburua da fakultateko ikasleek —bereziki Industria Diseinukoek eta Produktu Garapenekoek— eta langileek, kartoi mehea, soka eta/ edo ukipen-kola erabiliz, tramankulu bat diseinatzea, jaurtiketan arrautza babestuko duena. Hain zuzen, apurtu gabe arrautza —egosi gabea— ahalik eta urrunen botatzen duenak irabazi du lehiaketa. "68 ikaslek hartu dute parte, guztira, eta ez soilik, Industria Diseinu titulukoak; izan ere, Informatikako beste talde bat apuntatu zaigu aurten. 28 talde osatu dituzte, eta, beraz, 28 arrautza jaurti dituzte", adierazi du hegaldien ostean arrautzak apurtu diren ala ez ikuskatzen aritu den Nagore Laurobak, Industria Diseinuaren eta Produktuen Garapenaren Ingeniaritzako Graduko koordinatzaileak Mondragon Goi Eskola Politeknikoan.

Parte-hartzaileek tramankulu ederrak diseinatu dituzte; batzuk, prototipo berritzaile eta estetikoki erakargarriak, beste batzuk ez hainbeste, baina, politak edo itsusiak izan, orokorrean hegaldi ikusgarriak ikusi dira. Horien artean, itxura asko zaindu dute ikasle askok, izan ere, arrautza garraiatzeko tramankulua pintatu egin dute askok, tenperak, errotuladoreak edo bestelako materialak erabiliz.

Hiru sari nagusi

Hiru sari banatu dituzte diseinatutako gailuan arrautza apurtu gabe lurreratzea lortu dutenen artean: Hegaldi politenaren saria Humty Dumpty taldearen gailua izan da ––Oier Aristegieta, Oier Azkue eta Elur Lazpita–; estetikarena, berriz Kaskotxito taldeak jaso du –Nikole Beitia, Gabriela Alutiz eta Yera Elorza–; eta, azkenik, eta distantzia luzearen saria Garito taldeak – Ekaitz Roda eta Gorka Garcia–. "Hiru sari nagusiez gain, kontsolazio saioak ematen ere eman ditugu, izan ere, badira zenbait ikasle lan handia egiten dutenak, baina, arrautza apurtzen zaizkienak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak