Gorostizan bertan aurkeztu ditu Udal Gobernuak auzo horretan egingo duten igogailu-sistemaren oinarri teknikoak. "Horiek onartzea oso pauso garrantzitsua da. Proiektu tekniko honek zehaztuko ditu igogailuen kokapena, bideragarritasuna eta inbertsio kopurua eta horri esker lizitatu ahal izango dira eraikuntzarako beharrezkoak diren lanak", azaldu du Maider Morras alkateak.
Proiektuak Gorostizako barne irisgarritasuna bermatuko duela gaineratu du, eta, ondorioz, irisgarritasun bertikala bermatuko duela erdigunearekin eta maldaren beheko kalearekin. Izan ere, oinarri teknikoek aurreikusten dute igogailu berriak Bizkaia etorbidea eta Larragain kaleak konektatzen dituen igogailuaren jarraipena izatea.
Kepa Urteagak, Auzoak eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak, nabarmendu du igogailu berrien kokapena auzoaren ekialdean egitea gomendatzen dutela plegu teknikoek. "Edozelan ere, idazketak berak erabakiko du hori, auzo guztia irisgarri egiteko modurik egokiena zein den zehaztuko baitu. Bost kaleetako irisgarritasuna konpontzeko alternatibak aztertu beharko dira, ikuspegi funtzional, sozial, ingurumeneko eta ekonomikotik, horien artean egokiena aukeratu ahal izateko. Beraz, izan daiteke proiektuak kokapen ezberdin bat proposatzea".
Urte amaierarako, proiektua idatzita
Proiektuaren idazketa orain aterako dute lehiaketara. "Prozesu honek berme juridiko guztiak gainditu behar ditu eta, ondorioz, hiru hilabetez luzatu daiteke", dio Urteagak. Gero, kokapenaren azterketa bat egingo dute. "Hainbat kokapen, konposizio, obra osagarri eta konponbide teknologiko landu beharko dira fase honetan, eta hilabeteko iraupena izatea aurreikusten dugu".
Egokitasunaren arabera aukeratuko duten alternatibaren oinarria zehaztean, igogailu-sistemaren aurreproiektua idatziko dute, beste hilabeteko epean eta, azkenik, exekuzio faseak bi hilabetetako iraupena izatea aurreikusten dute. Beraz, epeak betez gero, 2026ko lehen hilabeteetan proiektua idatzita egon beharko litzateke, obra adjudikazioa bideratu ahal izateko.
Auzotarrekin elkarlanean
Urteagak azpimarratu duenez, "agerikoa" da Gorostiza auzoak behar duela irisgarritasuna hobetzea. "Bide horretan, auzotarrekin hasieratik daukagu harreman ona. Oso aktiboak dira, askotan egoten gara elkarrekin eta beti gainean daude, gauzak hobetu ahal izateko. Eskertzekoa da egiten duten esfortzu eta inplikazio hori", dio.
Beharrik handiena irisgarritasuna izan arren, badituzte beste hainbat eskaera ere. "Lorezaintza arloan eskari berezi bat daukate. Lehen, haien eskumena zen lorezaintza, auzoaren izaeragatik, baina gure gain dago orain eta soluzio batzuk eskatu dituzte arlo horretan; ari gara horretan ere".
Horrekin batera, auzoko frontoia hobetzeko eskatzen dute. "Egia da ez dela frontoi homologatu bat, baina erabilera handia dauka eta, horregatik, ari gara lanean hura hobetu ahal izateko", adierazi du Urteagak.
EAJk pozik hartu du albistea
EAJk pozik hartu du albistea. "Duela urtebete aurkeztu genuen Gorostiza auzoan igogailuak egiteko proposamena. Hasiera batean, ekimen hau ez zegoen Gobernu Planean jasota eta ez zegoen asmorik proiektua aurrera eramateko, baina auzotarren etengabeko lanari esker, Udal Gobernuak iritzia aldatu du. Jarrera aldaketa hori oso positibotzat jotzen dugu, herritarren eskaera legitimo bati erantzuten baitio".