Aniztasunaren Hilabetea ospatuko dute datozen asteetan Arrasaten

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mai. 6a, 13:56

Arrasateko Aniztasun Mahaia osatzen duten 18 eragileek gaur goizean aurkeztu dute Aniztasunaren Hilabetearen egitaraua. Aldarrikapena izango du erdigunean, eta, era guztietako ekintzak antolatu dituzte adin guztietako herritarrei zuzenduta. Halaber, goizean aurkeztu dute Arrasateko Aniztasun Mahaiaren irudi berria.

Eguenean hasita, hilabete osoko egitaraua izango du Aniztasunaren Hilabeteak, Arrasateko Aniztasun Mahaiak antolatuta. Honako hauek osatzen dute mahaia: Amerika Elkartea, Arrasateko Nagusien Kontseilua, Arrasate Herri Eskola, Aspace Arrasate Eguneko Zentroa, Emaus Fundazioa, Garagune Arrasate, SOS Arrazakeria, MontraTEA elkartea, Retina Gipuzkoa Begisare, Arizmendi Ikastola, Guraso eta Haur Asanblada, Activos/as por un Mundo Solidario, Ekin Emakumeak Elkartea, IMME, Txatxilipurdi Elkartea, Barrutik Elkartea, Bidean eta Arrasateko Udala. Eta guztietako ordezkariak izan dira goizeko aurkezpenean. Aniztasun Hilabeteak helburu du Arrasateko aniztasuna ikusaraztea eta horrek herriari dakarkion aberastasuna erakustea.

"Aniztasuna aberastasuna da. Aniztasunaren Mahaitik pertsona guztiak askotarikoak garenaren ideian oinarritzen gara, eta gizarte osoa inplikatzen duen errealitate gisara ulertzen dugu hau. Hau horrela, aniztasunaren ulerkera zabaletik abiatuz, aniztasun desberdinak hartu nahi ditugu kontuan", adierazi du Arrasateko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza teknikari Xixili Egigurenek.

Egigurenek gehitu du aniztasuna askotan ikusezin bilakatzen dela eta iruditzen zaio oso garrantzitsua dela aniztasuna ikusaraztea eta herriak ezagutzeaz gain, "altxor bezala ulertzea eta aitortzea".

Aldarrikapena erdigunean

Denetariko ekintzak antolatu dituzte, baina Aniztasunaren Nazioarteko Eguna izango da maiatzaren 21ean eta egun hori aprobetxatuko dute aldarrikapenak egin eta kalera ateratzeko. "Aurten garrantzitsua eta oinarrizkoa izan da oinarrizko eskubideak sufritzen ari diren eraso eta atzerakadaren aurrean aldarrikapenek ere gune zentrala hartzea. Horregatik, elkarretaratzea deitu dugu, maiatzaren 21erako Oinarrizko bizi eskubideen defentsan aniztasuna erdigunean lelopean. Herriko plazan izango da, 11:30ean.

Irudi berriaren aurkezpena

Logo berriak ikusi du argia gaur goizean, eta Aniztasun Mahaia indartsu dagoela adierazi dute. "Irudiak ere esaten du nolako indarra eta gogoa dagoen. Logoa izan da horri guztiari ginga jartzea. Logo berria daukagu, Aniztasun Mahaiak lehendabizikoz marka bat edukiko du eta markak ahalbidetuko du identifikatzea Aniztasun Mahaitik egiten diren lanak, ekintzak eta abar…", azaldu du Aniztasun eta Bizikidetza teknikariak.

Egitarau zabala bezain aberatsa

Dagoeneko martxan dagoen poesia eta ipuin lehiaketa da egitarauko lehen ekintza, Amerika Elkartearen eskutik egiten ari direna eta maiatzaren 20ra arte iraungo duena. "Haurrek hitzaren bidez hausnartu, adierazi eta defenda dezaten nahi dugu, kolore guztiak, jatorri guztiak, istorio guztiak bilduko dituen mundu bat", diote.

Horrekin batera, Udal Bibliotekak, Aniztasun Sailak eta Ekin Emakumeak Elkarteak elkarlanean, Mundutik Arrasatera ipuin kontaketak ekimena egingo dute. "Helburua da pertsona guztien arteko bizikidetza ahalbidetzea, harreman positiboak eraikitzea eta inguruan ditugun aniztasun guztiak ezagutzea eta horien aitortza egitea". Lehen saioa etzi, eguena, izango da eta Souad Salah Ghalak eta Nerea Atxak Meloia eta Angurria ipuina kontatuko dute, hassanieraz eta euskaraz, 18:00etan, Txaeta plazan.

Maiatzaren 13an, Nire nortasuna proiektua aurkeztuko dute. "Gure nortasuna ekimenaren ondoren, AMSk eta Garagune Arrasatek, gustatzen zaigunari, bakoitza irudikatzen gaituenari eta gure ametsei begirada pertsonalagoa erakutsi nahi dien proiektu bat aurkeztuko dizuegu".

Hilaren 16an, berriz, Azoka Inklusibo eta Solidarioa izango da, 10:00etatik 13:00etara, Seber Altube plazan, IMMEren, Aspaceren, Garagune Arrasateren, Arizmendi Ikastolako ZIG gelaren eta AMSren parte-hartzearekin.

Era berean, maiatzaren 19tik 23rako astean, aniztasuna lantzeko jolasak egingo dituzte Arizmendi Ikastolako jolasguneetan, goizetan.

Aste horretan, maiatzaren 20an, Dada ü lala antzezlana egingo du Les Bobe Bobe konpainiak, "umore absurdo, fisiko eta lotsagabea lantzen duen antzezlana". Ekin Emakumeak Elkartearen 30. urteurrenaren baitako emanaldia izango da, 18:30ean, Juan Arzamendi Musika Etxean.

Aniztasunaren Egunean, maiatzaren 21ean, elkarretaratzea egingo dute 11:30ean Herriko Plazan. "Gero eta polarizatuagoa den mundu honetan, askotariko pertsonek oztopo ikusezin eta ikusgarriei aurre egiten jarraitzen dute –arrazismoa, diskriminazioa edo etxebizitza duina lortzeko zailtasuna, esaterako–, eta egun horrek ahotsa altxatzera, hitz egitera, errespetutik eta berdintasunetik topo egitera gonbidatzen gaitu", nabarmendu dute.

Egitarauko azken-aurreko ekintza maiatzaren 26an egingo dute. Sos Arrazakeriaren eskutik, Atzerritartasun erregelamendu berriaren azterketa hitzaldia izango da Kulturateko Loramendi aretoan, 18:00etan. "Oinarrizko kontzeptuak argitu eta berrikuntza nagusiak azalduko ditugu".

Azkenik, maiatzaren 30ean, Komunikazioa denontzat proiektua aurkeztuko dute, 11:00etan, Kulturolan. "Arrasate irisgarriagoa izateko, ematen den komunikazioa ere inklusiboa izan behar da. Honek esan nahi du pertsona guztiengana heldu beharko litzatekeela. Horregatik landu dugu proiektu hau".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak