Hastapenetan, musika klasikoa zuen oinarri Arrasateko Udalak antolatzen duen Udaberriko Musikaldia zikloak; 20 urteko ibilbidean zehar, baina, bestelako estilo eta proiektuetara zabaldu dute. Nazioarteko zein euskal musikariekin osatu dituzte urteroko egitarauak; betiere, herriko musikari profesionalei eta harrobiari ere tokia eginda. "Urteak igaro ahala, musikazaleentzat erreferentziazko hitzordu bihurtu da, eta Arrasateko musikari bakarlari zein taldeentzako erakusleiho ere bai", diote antolatzaileek.
Harrobiari ere tokia eginda
Urtero moduan, Arrasateko publikoarentzako estimatua izango da Goikobalu abesbatzak eta Arrasate Musikaleko Orkestrak elkarrekin egingo duten emanaldia; aurtengo egitaraua borobilduko dute, maiatzaren 31n, Iker Olazabalen eta Iñaki Maidaganen zuzendaritzapean, besteak beste, Beethoven-en eta Ravel-en doinuak San Frantzisko elizara eramanda.
Eskualdeko begietatik begiratuta, berezia izango da maiatzaren 17an, Arrasateko Txomin Maidagan Ruiz zuzendaria eta Jon Mestre Arzuaga piano-jole oñatiarra taularen gainean elkarrekin ikustea. Rachmaninoff 2. kontzertua interpretatuko dute Oñatiko piano-jole gazteak Arrasatekoaren batutak gidatutako orkestra lagun. "Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan ezagutu zuten elkar, eta, bakoitza bere bidea egiten ari bada ere, han sortu zen elkarrekin musika proiektuetan parte hartzeko asmoa. "Iazko udan proposatu zuten elkarrekin kontzertu bat egitea Musikaldian; bada, lagunen eta senideen eta Arrasateko Udalaren lankidetzarekin aurrera egin du proposamenak"
Asteburuan bi emanaldi
Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakasle eta ikasle asko izan dira Udaberriko Musikaldian, eta aurten ere gonbidatu dituzte; Tatiana Samouil eta Issey Martinez biolin-joleek, Natalia Tchtich biola-joleak eta Pavel Gomziakov biolontxelo-joleak osatzen duten laukoteak zabal- duko du aurtengo zikloa.
Antzinako musika interpretatzen eta ikertzen duen Danserie Ensemblek hartuko du lekukoa domekan. 25. urteurrena bete duen taldeak Bernart Etxeparek 1545ean argitaratu zuen Linguae Vasconum Primitiae liburuan oinarritutako piezekin osatuko du emanaldia.
Musika, kantua eta dantza
Ohiko kontzertuetatik harago, "bitxia eta ikusgarria" izango da Ensemble Moxos taldearena. "Rakel Maldonadoren zuzendaritzapean, ignaziotar indigena moxeño gazteek osatzen duten konpainiak kultura-artekotasun izaera handia duen emanaldia ekarriko digu".
Egitaraua
Kontzertuak 19:30ean izango dira; sarrera doan, edukiera bete arte.
- Maiatzak 2
Samouil-Tchitch-Gomziakov-Martinez hari-laukotea, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean. - Maiatzak 4
Danserie Ensemble, San Frantzisko elizan. - Maiatzak 10
Ensemble Moxos, San Frantzisko elizan. - Maiatzak 17
Rachmaninoff 2. piano eta orkestra kontzertua (Jon Mestre Arzuaga pianoan eta Txomin Maidagan Ruiz zuzendaria), San Frantzisko elizan. - Maiatzak 31
Arrasate Musikaleko Orkestra eta Goikobalu abesbatza, San Frantzisko elizan.