Asun Agiriano: "Liburutegiak etengabe aldatzen dira, gizartea aldatzen den moduan"

Txomin Madina Milikua 2025ko api. 24a, 14:37

Asun Agiriano liburuzaina. Irudia: Goiena.

Filosofia ikasi eta lan-esparruan lehen pausoak irakasle eman zituen arren, 90eko hamarkada hasiera ezkero Arrasateko Udal Bibliotekan dabil Asun Agiriano (Arrasate, 1963). Hamarkada luzez haur eta gazte liburutegiko liburuzaina izan zen, duela lau urte bibliotekako zuzendari kargua hartu zuen arte.

Puntua aldizkariaren 452. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Gertu dago apirilaren 23a, Liburuaren Nazioarteko Eguna. Aitzakia aparta Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Sarien barruan ematen duten Ibilbide Saria jasotzen azkena izan den pertsonarekin liburutegiez eta literaturaz berba egiteko.

Esan daiteke Arrasaten Udal Biblioteka osasuntsu dagoela: herriko biztanleen %64 dira bertako bazkide; 2023an baino lau puntu gehiago. Pozik egoteko moduko datuak, ala?

Bibliotekako zuzendari-lanak hartu nituenean, urteko memoria egiten hasi nintzen, ni neu ere lanpostu berrian koka nendin. Ordura arte, haur eta gazte bibliotekan ibili nintzen, eta zerbitzuaren ikuspegi orokorragoa behar nuen: bilduma, bazkideak, erabiltzaileak... 2021ean egin genuen lehen memoria, lantalde osoak elkarlanean, eta emaitza izan zen arrasatearren %58 zirela bazkide; gaur baino 6 puntu gutxiago. Bilakaera, beraz, oso ona da, eta esango nuke bibliotekan dugun funtzionamendu onagatik eta jartzen dugun mimoagatik dela; betidanik eskaini izan dugun zerbitzu onari herritarrek eman dioten erantzuna.

Maileguak %10 igo dira; irakurzaletasuna bera ere osasuntsu dagoela ondoriozta genezake?

Edalontzia erdi beteta ikusten duten horietakoa naiz ni. Gero eta gazteagoen artean erabiltzen da liburuen mailegua, eta oraindik irakurtzen ikasi ez duten haurrak ere ohitzen dira liburuetara. Gainera, Arrasaten pertsona asko daude laneko eginbeharretatik erretiratuta egon eta zaletasunen artean irakurtzea dutenak. Irakurketa aisialdirako aukera ezin hobea da.

Liburuzaina izatea zen zeure lehen aukera?

Filosofia ikasi eta irakaskuntzan eman nituen lehenengo pausoak, baina ez zen erraza gazteengan Filosofiarekiko interesa piztea; niri, behintzat, ez zitzaidan erraza egin. Egun, interes handiagoa dagoela iruditzen zait, Filosofiaren inguruko boom bat dagoela: nire lagun batzuen seme-alabek ikasketa horiek aukeratu dituzte eta azken bost urteetan matrikulazioak %33 igo dira. Irakasle ibili ostean, Nikaraguan eman nuen ia urtebete, eta han liburutegi batean aritu nintzen, haurren saila antolatzen. Ordura arte, liburutegien mundua irakurle bezala ezagutzen nuen, baina barrutik ez hainbeste. Gainera, Nikaragua gerran zegoen, eta liburutegiak babeslekua ziren, aterpea, lasaitasuna; liburuak ziren zure lagunak. Oso gustura sentitu nintzen, eta erabaki nuen etorkizunean bide horretatik joatea. Hona itzuli, eta Donostian liburuzain lanaren inguruko ikastaro sakon bat egin nuen.

"IBILBIDE SARIA JASOTZEA LANARI AITORTZA DA, ETA HORRELAKOAK EZ DIRA SARRI EMATEN"

Badirudi asmatu zenuela: abenduan, Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Sarien barruan, Ibilbide Saria jaso zenuen; zer izan zen zuretzat?

Sekulako poza; lanari egiten zaion aitortza da, eta horrelakoak ez dira askotan ematen. Uste dut, gainera, sariak liburutegietan egiten dugun lana gehiago ezagutzeko balio dezakeela. Iruditzen zait kasu honetan egin dudan lana jarraitu dutela eta ez nagoela bakarrik; hori ere eskertzekoa da. Horregatik guztiagatik, lanean segitzeko bultzada indartsua jaso dut.

Hasi zinenetik, zenbat aldatu dira liburutegiak? Egun, ez dira liburuak hartzeko edo ikasteko tokiak bakarrik.

Arrasatekoaren kasuan, ni Monterron jauregian zegoenean hasi nintzen; hortaz, eraikina bera ere aldatu da. Orokorrean, asko aldatu dira liburutegiak; etengabe aldatzen dira, erabiltzaileak eta gizartea aldatzen diren moduan. Arrasatera itzulita, irakurle taldeak antolatzen aitzindariak izan ginen eta gaur egun herri gehienetan daude. Alde horretatik, irakurle- taldeen dinamikak iraultza hutsa izan dira eta jendea erakartzeko balio izan dute. Asko ikasten da, gainera: sekula irakurriko ez zenituzkeen liburuak irakurtzen dituzu, eta, hala, zure heziketa literarioan gehiago sakontzen duzu. Literaturaren bueltan oparotasun handia dago eta guk ere jarduera asko antolatzen ditugu: joan den astean, esaterako, Ana Galarraga zientzia- dibulgatzaileak eta Petti musikariak saio bat egin zuten liburu baten bueltan; idazketa tailerrak ditugu; haurrentzat ipuin kontaketa saioak hilero...

Erabiltzaileok ikusten ez ditugun zenbat lan egiten dituzue liburuzainek?

Uste dut jendeak dagoeneko badakiela gure lana ez dela bakarrik irakurtzea eta liburuak ordenatuta eta kokatua egoteaz arduratzea. Asko dira ikusten ez diren lanak; bilduma interesgarria eta gaurkotua egoteko beharrezkoa den aukeraketa lana, adibidez. Hor dago baita ere herriko egileen lanak eta herriari buruzko informazioa duten dokumentuak biltzea, ezinbesteko zerbitzua den Tokiko Bilduma deitzen dioguna osatzeko. Orain, esaterako, garai bateko hainbat argazki bilduma aztertzen, informazioa lortzen, sailkatzen, digitalizatzen... ari gara.

"OHITURA ETA ERRAZTASUN FALTA DIRA EUSKARAZ EZ IRAKURTZEKO ARRAZOI NAGUSIAK"

Egin daiteke irakurlearen profila?

Guk hemendik, dugun esperientziatik, ikusten duguna da irakurle ohikoena emakumea eta 40-45 urtetik gorako pertsona dela. Horrek, baina, ez du esan nahi gizonek irakurtzen ez dutenik, baina emakumeak gehiago hurbiltzen dira liburuetara. Gure irakurle-taldeetan, adibidez, emakumeak gehiengoa dira. Eta modu orokorrean hitz eginda, emakumeek gehiago jotzen dute eleberrietara eta gizonek gehiago saiakeretara.

Gaur egun, zeintzuk dira bogan dauden generoak?

Mailegu zerbitzuarekin ikusten dugunaren arabera, gaztelerazko liburuen artean, sari bat jaso eta oihartzun mediatiko handia dutenak dira gehien eskatzen direnak, baita thrillerrak, nobela beltza eta nobela historikoak ere. Autolaguntza liburuak ere asko irakurtzen dira. Euskarazko liburuen artean aniztasun handiagoa dago eta gehienak euskal idazleen lanak dira. Haurrek eta gazteek ere askotariko liburuak hartzen dituzte eta komikiek gorakada handia izan dute azken urteetan.

Euskal literaturak zenbaterainoko tiradizoa dauka?

Gazteengan euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko egitasmo batean parte hartu dut orain gutxi, eta jakin nuen 2017ko ikerketa baten arabera 16 urtetik gorako euskal herritarren %27 euskaldunak direla eta %58 ohiko irakurleak, baina soilik %11k irakurtzen dutela euskaraz. Ohitura eta erraztasun falta dira euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusiak. Euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina gehiago beharko genituzke; liburuak erdigunean jarri eta eskolan txikitatik hasi. Gurean plazeragatik euskaraz irakurtzen dutenak, batez ere, pertsona helduak dira; militantzia puntu bat dago, nolabait esatearren. 12-18 urte arteko gazteek eskolan agintzen dizkietenekin nahikoa dute. Haur txikiek gurasoekin irakurtzen dute eta adin horietan motibazio handia egoten da, bai umeen kuriositatea handiagatik, baita gurasoen inplikazio maila handiagatik ere.

Zenbat liburu irakurtzen dituzu zuk zeuk urtean zehar?

Hilero, batez beste, lau inguru izango dira; urtean, 50 baino gehiago. Erdia nik aukeratu ditudalako eta beste erdia, nolabait ere, lanagatik, solasaldietarako eta; dena den, azken horiek ere oso gustura irakurtzen ditut. Era guztietako liburuak gustatzen zaizkit: poesia, saiakera... Lehen, thrillerrak-eta gehiago irakurtzen nituen, baina, gaur egun, gehiago eskatzen diet liburuei, ez soilik entretenimendua.

"GAUR EGUN, GEHIAGO ESKATZEN DIET LIBURUEI, EZ SOILIK ENTRETENIMENDUA"

Literaturaren beste alor batzuk ere landu dituzu: kritikak egitea eta idaztea bera; zelako esperientziak?

Oso aberasgarriak. Sasoi batean, Gara-n egiten nituen kritikak, eta asko ikasi nuen bai idazteaz, baita ideiak formulatzeaz ere. Izan ere, ez zitzaidan gustatzen azalean geratzea: obran sakondu nahi izaten nuen, idazlearen datuak eman, alderaketak egin, irakurlea beste lan batzuetara bideratu... Hilean behin egiten nuen, eta bazen lana, bat bukatu eta hurrengoarekin hasten nintzelako. Nolako kritikaria nintzen? Zorrotza; akaso, zorrotzegia. Idaztearen inguruan esan behar dut ni neu ez naizela idazle sentitzen. Liburu bat idatzi dut, Atzamarra, eta sekulako zortea izan nuen, Elkarrek azkar argitaratu zidalako lana.

Atzamarra-ren ostean, egongo da besterik?

Egon badago; ez dira argitaratu, baina lehiaketa gutxi batzuetara aurkeztu izan ditut nire lanak. Azken finean, norbere burua idaztera behartzeko modua da sariketen epeak bete beharra. Azkoitiko Maxixatzen elkarteak antolatzen duen Bi Minutu lehiaketan nik idatzitako poesia bat saritu zuten iaz; gehienez ere bi minutuan irakurri daitezkeen testuak aurkeztu daitezke horra. Izan ere, lan kontuak direla eta, denboragatik gauza laburrak izan behar dira nik idatzitakoak, ez arnas luzeko idatziak; Atzamarra idatzi ahal izan nuen, laneko eszedentzia bat eskatu nuelako.

Zein da pertsona batek bai edo bai irakurri beharko lukeen liburua?

Ezingo nuke bat esan, bizitzako garai bakoitzean liburu bat izango duzulako lagun; gaztetan bat izan daiteke, baina, gerora, beste gai eta autore batzuk izango dituzu nahiago. Irakurketaren emozioa haur eta gazte literaturako lan klasikoekin etorri zitzaidan niri. Baina, egun, irakurri ditudan liburu guztien batura naiz, baita bereziki gustatu ez zaizkidanena ere.

Liburu bat irenstekotan, non, noiz eta nola gusturen?

Gusturen, tarte luzea eskainiz, eta ez orain bezala, egunero ordu erdi eskas eskainita. Aukeran, eguraldi onarekin, udan edo oporretan, Asturiasen dagoen eta oso kuttuna dudan zelai batean. Hango hoteleko jabeak ere irakurzaleak dira, eta gozamena da haiekin iritziak eta liburuak trukatzea. Bada kontzeptu japoniar bat, ikigai delakoa, bizitzeko arrazoia esan nahi duena. Eta ikigai-a gertatzen da lau puntu hauek batzen direnean: egitea gustatzen zaizuna; ondo egiten duzuna; saria ematen dizuna; eta zure inguruak zugandik behar duena. Hori horrela, irakurketak, liburuek eta literaturak zentzua ematen diote nire bizitzari. Harroputz samarra dirudi, baina nik horrela sentitzen du

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak