Ziar-ola elkartea berriro ere garaile doke txapelketan

Sara Lanz 2025ko api. 18a, 15:01

Monteazpiko 42. edizioko hiru elkarte irabazleen argazkia.

42. aldia izan du Monteazpiko doke txapelketak, eta aurten ere zortzi elkarte gastronomikok hartu dute parte. Eguraldi ederra lagun, finalera Ziar-ola eta San Isidro iritsi dira, eta, azkenean, Musakolako elkarteak berriz ere eraman du txapela. Udal ordezkariek ezin izan dituzte oraingoan ere irabazleak garaitu.

SUDC elkarteak antolatuta, ohiko doke txapelketa jokatu da gaur goizean Monteazpin, 42. aldiz. Eguraldi bikainarekin hasi da goiza, eta 10:00etan zabaldu dute izen-ematea. Hala ere, parte-hartzea espero baino apalagoa izan da: Arrasateko 25 elkarte gastronomikotatik zortzik hartu dute parte aurtengoan –Ziar-ola, Udalpe, Santa Marina, Leze Txiki, Amaika Gazte, Alkartu, San Isidro eta Txalaparta–.

Juan Luis Arkauz SUCDko lehendakariak adierazi duenez, “penagarria da 25 elkarte izanda zortzi bakarrik etortzea; guk hamabi edo hamabost espero genituen”. Hala ere, txapelketa ondo joan da: elkarteetako bikoteek zozketaren bidez erabakitako aurkarien aurka jokatu dute, 50 puntura arteko partidak eginez eta pixkanaka faseak gaindituz.

Euren artean jokatu ostean, lau talderik onenak finalerdietara iritsi dira. Leze Txiki eta Alkartu izan dira hirugarren postuaren bila lehiatu direnak, eta Leze Txikik eskuratu du podiumeko azken tokia. Finalean, Ziar-ola eta San Isidro izan dira aurrez aurre, eta azkenik, Ziar-ola izan da berriz ere txapeldun.

Udala oraingoan ere garaitua

Finala amaituta, ohiturari jarraituz, txapeldunek Udaleko ordezkarien aurka jokatu dute. Kapa Urteaga eta Andoni Arratibel izan dira udala ordezkatzen saiatu direnak, baina ezin izan dituzte Ziar-olako kideak menderatu. Hori ikusita, hamaiketakoa –40 kilo sardina eta ardoa, aurten berdel gutxi zegoelako sardina aukeratu dute– udalaren kontura izan da.

Eguraldia lagun izan bada ere, parte-hartze apalak ilundu du zertxobait giroa. Hala ere, Arkauzek nabarmendu du pozik dagoela etorritako jendearekin: “Lana hartzen dugu dena prestatzen, eta parte-hartze txikia dela ikustea tristea da, baina gustura egon gara gerturatu direnekin”.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak