Arrasateko Udal Gobernuaren erantzuna EAJren oharrari: "Etengabe ari gara lanean oinezkoen segurtasunaren alde"

Goiatz Arana Begiristain 2025ko api. 16a, 17:46

Horren adierazle da, Udal Gobernuaren esanetan, "lan askorekin eta parte-hartze handiarekin" egindako eta berriki onartutako Mugikortasun Jasangarrirako Plana: "EAJk proposatzen dituen neurriak bertan jasota daude. Eta, gogoratu beharra dago, EAJk ezezko botoa eman ziola". 

Oinezkoen segurtasuna bermatzeko helburuarekin, hainbat kale ibilgailuentzako norabide bakarrekoak izango direla ekarri du gogora Udal Gobernuak, eta gaineratu du neurri hori "oso lagungarria" izan daitekeela oinezkoen segurtasuna bermatzeko, "trafikoa gutxitzen duelako eta arreta norabide bakarrera bideratu behar delako".

Abiadura kontrolatzeko radarrak

Radarren gaiari lotuta, "arduragabekeria handitzat" jo du martxan ez daudela "publikoki modu horretan" ezagutzera ematea, Udal gobernuaren esanetan,  adierazpen horiek "abiadura handitzea" ekar dezaketelako herrian. "Are larriagoa da gaia, jakin badakitenean, EH Bildu-Elkarrekin Udal Gobernura sartu zirenean (2023ko ekainean) radarrak ez zutela funtzionatzen 2022ko azarotik. Gaur egungo Udal Gobernuak jarri behar izan zituen berriz martxan, baina ikusita zerbitzua ez zela behar bezala funtzionatzen ari, esleitutako enpresari kontratua eten zitzaion duela hilabete gutxi (2024 amaieran). Gainera, EAJko kideek jakin badakite Udaleko teknikariak pleguak prestatzen ari direla radarrak berriz ere martxan jartzeko, eta epe motzean (apirila-maiatza) pleguak atera eta berriz ere martxan jarriko direla", gehitu du.

Zerrajerako radarraren eskaerari lotuta jakinarazi du ez dela berria, eta lanean ari direla: "EAJk gobernatzen zuenetik dago eskaera mahai gainean, eta zortzi urtetan ez zuten inolako neurririk hartu. Udal Gobernua eta Zerrajerako bizilagunen artean egindako bileran, radarra jartzeko akordiora heldu ginen. Neurri hau norabide bakarreko errepidearen neurriekin batera jarriko da martxan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak