Arrasateko EAJk bide segurtasuna bermatzeko neurriak eskatu ditu

Goiatz Arana Begiristain 2025ko api. 16a, 14:02

Jeltzaleek "kezka" azaldu dute gertatu berri diren harrapaketen aurrean, eta "premiazkotzat" jo dute oinezkoen eta gidarien segurtasuna bermatuko duten neurri zehatzak aktibatzea. "Kudeaketa falta" egotzi diote Udal Gobernuari.

Arrasateko EAJren bozeramaile Ander Garayk adierazi du dagoeneko "jarrita dauden trafiko radarrak martxan ipini gabe" daudela oraindik: "Duela urtebete baino gehiago eskatu genuen abiadura kontrolatzeko radarrak martxan jartzea gure udalerrian. Ez dira aktibatu, eta, gainera, ez da benetako neurririk hartu gure kale gehienetan ezarritako abiadura-mugak betetzen direla bermatzeko".

Horrekin batera, jeltzaleek azterketa tekniko bat egitea eskatu dute, udalerriko beste gune estrategiko batzuetan radar kabina berriak jartzea aztertzeko, eta gaineratu dute "Zerrajerako bizilagunek radar bat instalatzea eskatu" dutela bertan, "trafikoa lasaitzeko beste neurri batzuekin batera".

Gaineratu dute 2024an, Frantziako Tourra udalerritik igarotzeko, bide-segurtasunerako funtsezko elementuak —pibotak eta badenak, esaterako— erretiratu egin zituztela, eta "gaur egun oraindik ipini gabe jarraitzen" dutela.

"Biziki kezkatzen gaitu, gaur egun, Udal Gobernu honek bide-segurtasunaren arloan epe laburrerako edo ertainerako planik ez izateak. Ez dago radar aktiborik, ez dira kendu diren elementuak birjarri, eta bi urtetan ez da jardun garrantzitsurik egin arlo horretan", adierazi dute.

Bide-segurtasuneko plan integrala

Horregatik guztiagatik, EAJk Udal Gobernuari "berehala jarduteko eta bide-segurtasuneko plan integral bat aurkezteko" eskatu dio, "epe labur, ertain eta luzerako neurriak jasoko dituena". "Ezin dugu itxaron arriskuak handitzen diren bitartean. Erantzukizuna, herritarrekiko konpromisoa eta kudeaketa eraginkorra eskatzen ditugu. Arrasatearren segurtasuna ezin da baztertu ", esan du Garayk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak