Gaur goizean Otalora kalean izan den oinezko baten harrapaketa aste honetan Arrasaten gertatu den bigarrena izan da. Hori horrela, zabaldu duen ohar baten bidez, Arrasateko Udalak arretaz gidatzeko eskatu du, seinaleztapenak eta abiadura mugak errespetatuz, eta baita uneoro oinezkoen lehentasuna bermatzeko ere.
Udalak, era berean, azaldu du onartu berri duten Mugikortasun Jasangarrirako Planaren diagnosiak jasotzen duela gaur gaurkoz motordun ibilgailuen erabilera hobetu eta gutxitu beharra dagoela, baita herrian zehar mugikortasuna baketzeko beharra ere. Gaineratu du horretarako pertsonak erdigunean jarri behar direla, abiadurak gutxituz eta herri barruan egiten diren desplazamenduak bitarteko seguruago eta jasangarriagoetara aldatuz.
Udalak adierazi du baita ere Mugikortasun Plan berri horrek oinezkoen segurtasuna lehenesten duela eta Udalari berari hainbat neurri eskatzen diola. Hala, nabarmendu du udal gobernua neurri horiek martxan jartzeko lanetan dabilela.