Emakunde Saria jaso du IMME elkarteak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko api. 9a, 12:49

Djamila Zereiby (IMME) eta Tamara Claveria (Amuge), Emakunde Sariaren ekitaldian, Imanol Pradales lehendakariarekin. Irudia: Irekia.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik, Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkarteko kide den Djamila Zereiby arrasatearrak jaso du saria. Baita emakume ijitoak sustatzen eta ahalduntzen dituen Amuge elkarteak ere.

Iazko abenduan iragarri zuten Arrasaten sortutako IMME elkartearendako izango zela 2024ko Emakunde Saria, elkarteak "erakunde publikoek izan behar duten ikuspegi intersekzionalari erantzuten" diola iritzita, eta atzo arratsaldean, hilaren 8an, egin zuten ekitaldia, Gasteizen. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hartu zuen hitza, eta IMME eta Amuge elkarteek eginiko lana aitortu zuen, Arrasateko elkartearekin batera saritua izan baitzen Euskadiko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko Elkartea ere. Haren hitzetan, "komunitatea sortzen" egiten dute ekarpena bi elkarte horiek, "batez ere, kasu askotan gizartearen bazterrean geratzen diren emakumeekin" lan eginez: "Berdintasun eza moteltzen duen sare sozial bat eskaintzen diezue; emakumeen ahotsa entzunarazteko tresna ere bazarete".

Miren Elgarrestak, Emakundeko zuzendariak, berriz, EAEko Berdintasun Legea izan du oinarri, lege horren "printzipioen artean dagoelako intersekzionalitatea esku-hartze publikoaren ikuspegi inspiratzailetzat" jasotzea: "Amugek eta IMMEk izaera kolektiboa eta begirada intersekzionala dute, emakumeek bizi dituzten ahultasun anitzak deskribatzeko hain beharrezkoa dena. Bi elkarteek argi eta garbi erakusten digute emakumeak ezin garela kategoria homogeneo batean sartu". Are gehiago, erantsi du "rolak eta estereotipoak alde batera uzteko" lana ere egiten dutela: "Emakundetik zuen lana eskertzen dugu, gure gizartean oraindik dauden estereotipo eta aurreiritzien ondorioz baldintzatuta eta mugatuta dauden emakumeei laguntza ematen diezuelako".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak