Berri onekin amaitu zuten iazko urtea Arrasaten sortutako IMME elkartekoek, Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkartekoek. Izan ere abenduan iragarri zen eurentzat izango zela, Euskadiko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko AMUGE elkartearekin batera, 2024ko Berdintasunerako Emakunde Saria.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestaren arabera, bi elkarteek erakunde publikoek izan behar duten ikuspegi intersekzionalari erantzuten diote bi elkarte sarituek. "AMUGE eta IMME elkarteek argi erakusten digute emakumeak ez garela kategoria homogeneo batean kabitzen. Kasu honetan, emakume ijitoek eta musulmanek jasaten dituzten diskriminazio mota ezberdinak ikusarazten laguntzen digute", azaldu zuen Elgarretask 2024 saria norentzat izango zen iragartzeko agerraldiak.
200 kide baino gehiago
IMME-ren sortzaile Djamila Zereibyren esanetan, pozarren eta ezustean hartu zuten saria, eta egindako lanari aitortza dela dio: "Uste dut elkarte askok guk bezala pentsatzen dutela: egindako lan pila, jarritako esfortzua ez dela ikusten eta sariak ikusgarritasuna ematen dio egin dugun guztiari, eta baita aitortza egin ere".
Aurretik ere lanean bazebiltzan ere, 2013an sortu zuten formalki IMME eta oraindik ere txikiak izaten jarraitzen dutela esan arren, urteetan izan duen hazkundea ere nabarmentzen du Zereibyk: 200 kide ditu, eta baita zazpi langile ere. Emakume musulmanen integrazioa eta ahalduntze ekonomikoa sustatzeko hainbat proiektu dituzte: "Ekintzailea izatea, integrazio soziolaborala, emakumea industriaren mundura gerturatzea…. Horrek adierazten du berdintasunarekiko eta inklusioarekiko modu paraleloan lan egiten dugula, lan-lerro horiek guztiak emakumeari begirakoak direlako: emakumeari eta bere inguruari; seme-alabak,, senarrak edo ez senarrak…".
Gestioekin, elkarbizitza arazoekin edo genero indarkeriarekin lotutako gaiekin aholkularitza juridikoa ere eskaintzen dute.
Emakume musulmanen eta elkartearen erronkak
Emakume musulmanek integraziorako dituzten erronken inguruan galdetuta, bat nabarmentzen du bereziki Zereibyk: "Ikusten dudan erronka handiena da emakumea bera ulertzea: bere janzkera ulertu, bere ahalmena balioan jarri… Hori da gizartean ikusi dezakegun erronka handiena,. Hori ez bada lortzen, ezin du bere burua garatu, eta ez du bere buruarengan konfiantzarik izango. Nola landuko dugu konfiantza ez badiogu ezagutua izateko aukerarik ematen?".
Elkartearen beraren erronken bueltan, Djamila Zereibyk dio elkarbizitza osasungarri batera heltzeko bertakoen eta kanpotik etorri direnen benetako sentsibilitatea lantzea dela.
Saria eurentzat izango dela iragarri duten arren, oraindik ere ez dago zehaztuta noiz izango den banaketa ekitaldia.