"Azalberritu" egin dute Arrasateko Sexologia Zerbitzua

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko api. 7a, 18:29

Blanka Jauregi, Maria Oses, Amets Beltran de Guevara, Miren Lopez de Arregi eta Gladys Fernandez.

Heziketa sexuala "inoiz baino beharrezkoagoa" dela nabarmenduz aurkeztu dute zerbitzuaren eraberritzea. Marka berria herrian ezagutarazteko asmoz, Besarkada kale ikuskizuna egingo dute eguenean, apirilak 10, 17:00etan hasita.

1995az geroztik martxan dagoen Arrasateko Sexologia Zerbitzua eraberritu egin dute; "azalberritu". Hala, marka eta irudi berria du dagoeneko zerbitzuak, eta hori islatzeko iragarki bat ere egin du Udalak.

Apirilaren 10ean, eguena, Besarkada izeneko kale ikuskizuna erabiliko dute, hain zuzen, marka berria herrira zabaltzeko, 17:00etan, Biterin. "Sexologia zerbitzu kanpoan informazio gune bat jarriko dugu, eta aukera izango da kondoi eta lubrifikatzaileak eskuratzeko; halaber, irudi berria duten txapak eta eskuorri informatiboak banatuko ditugu, baita herritarrek dituzten zalantza argitu ere", azaldu du Gladys Fernandezek, Belaunaldiarteko zinegotziak.

"Konfiantzazkoa eta konfidentziala" izango da zerbitzua, Fernandezen esanetan. "Herritar guztiei irekita daude zerbitzuko ateak eta zalantza, kezka, beldur zein jakin-minak argitzeko aukera izango dute, inoren epairik gabe. Laguntza eta aholkularitza zerbitzua izaten jarraitu gura dugu herritarrentzat, ikusgarritasun gehiagorekin", nabarmendu du.

Hiru lan-ildo dituzte

Emaize sexologia zentroko Miren Lopez de Arregi Lakuntza sexologoa da urriaz geroztik zuzeneko arreta emateko arduraduna eta hark azaldu duenez, hiru lan-ildo dituzte: "Zuzeneko arreta, sexualitatearekin lotura daukan edozein gairi buruz zalantzak eta kezkak partekatzeko; bestetik, hezkuntza arloan ere egiten dugu lan, ikastetxeekin elkarlanean; azkenik, arlo komunitarioan, hainbat erakusketa, hitzaldi egiten ditugu, sexualitatea herritar guztiengana iristen saiatzeko asmoz".

Zuzeneko arretari dagokionez, helbide elektronikoz (sexologia@arrasate.eus); Instagramez (@arrasatesex) eta Whatsappez (747 40 21 40) emango dute, baita aurrez aurre ere. Izan ere, zerbitzua urte osoan zehar irekita dago, astelehenetan 10:00etatik 13:00etara, eta eguenetan 16:00etatik 19:00etara, uztailean eta abuztuan izan ezik.

Irudi berria, Miau estudioak

Miau estudioak sortu du irudi berria, eta hala azaldu du estudioko kide Maria Osesek. "Sexualitatea gizakiaren barren barrenetik sortzen den eta bizitzako etapa guztietan gurekin doan zerbait bezala ulertzetik abiatzen da marka honen oinarri kontzeptuala".

Gaineratu du sinbolo zentralak "barne eztanda horri" egiten diola erreferentzia, "gure sexualitatearekin konektatzen dugunean sentitzen dugun bibrazio eta mugimenduari, izan norberarekin edo beste pertsonekin harremanetan".

Dinamismoaren eta hurbiltasunaren ideia indartzeko, bibrazioa eta sentimendua gogorarazten duten elementuak txertatu dituzte, ikonoan eta inguratzen duen konposizio zirkularrean islatuta. "Zirkulu horiek kanpora proiektatzen den barne energia horren hedapena irudikatzen dute. Horrez gain, izartxo forma izateak, genero aniztasun, trantsizio eta ez definitze horrekin ere konektatzen du, identitate askotarikoak aldarrikatuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak