Arrasateko Udalak udaberriko turismo eskaintzaren berri eman du. "Eskaintza zabalik dago adin guztietako pertsonentzat, eta tartean daude familian egin daitezkeen planak", adierazi du Jaime Bengoak, Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotziak. Eskaintzan hiru atal nagusi aurkitu daitezke: Arrasate 360º gida birtuala, mendi ibilaldiak eta bestelakoak, besteak beste, kirolari, kulturari eta jaiei lotutakoak.
Arrasaten egin ohi dituzten Erdi Aroko hiribilduaren eta ondare industrialaren ibilbide gidatuak, aurrerantzean Arrasate 360º gidarekin egingo dituzte. "Bisita birtual horrek askatasun osoa ematen dio bisitariari Arrasateren bisita gidatua egiteko. Iazko udaberrian bisita gidatuak egingo zituen profesionalik gabe geratu ginen Arrasaten, eta sortu zen hutsunea aukera baliatu genuen proiektu hau martxan jartzeko", azaldu du Jaime Bengoa Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotziak.
Digitalizazio aurreratuko teknologiaren bitartez, Arrasateren hiri eta industria ondarearen irudikapen zehatza eskaintzen du gidak, "bereizmen handiko 8.000 irudi baino gehiagorekin aberastuta". Gainera, herriko irudi zaharrak, bideoak eta dokumentu historikoak baliatzen ditu gaur egungo egoerarekin alderatzeko, "hiribilduaren bilakaera arkitektonikoa testuinguruan kokatzeko aukera ematen dutenak".
Hainbat mendi ibilaldi
Inguruko mendiak hobeto ezagutzeko aukera ere egongo da udaberriko eskaintzaren baitan. Apirilaren 20an, esaterako, Meatzerreka, Udala eta Garagartza auzoak mendiz lotuko dituzte, Arrasateko Bira ibilbidea eginez.
Maiatzaren 4an, berriz, Udala-Gongetako Meatzea-Besaide ibilbidea egingo dute. "Ibilbide horretan, Gongetako meatzeak bisitatuko ditugu, antzinako burdin meatzeak. Ondoren, Besaidera igo eta han hildako euskal mendizaleen oroimenez eraikitako monumentua bisitatuko dugu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mugek bat egiten duten tokian".
Maiatzaren 18an, Kurtzetxikiko Bira ibilbidea egingo dute. Ibilbide hori Kurtzetxiki (531 m) tontorrera igotzen da, mendiari bira emanez, Bedoña auzotik eta Asuela ingurutik igaroaz –ibilbideak 11,5 kilometro ditu–.
Ekainaren 1ean, Kortaburu-Etxezarreta bidea egingo dute. 10,5 kilometroko luzera duen ibilbide horretan, Arrasate eta Oñati arteko mugan zehar Kortaburu (484 m) tontorrera igoko dira, hortik Etxezarreta parkera jaitsiz eta herrigunera itzuliz.
Amaitzeko, ekainaren 15ean, Dragoiaren Bidea mendi bidea egiteko aukera egongo da. Ibilbide horretan, Murugaineko tontorrera joateaz gain, Gerra Zibileko lubakiak eta Burdin Aroko herrixkaren arrastoak ikusiko dituzte.
Izena eman behar da
Mendi ibilaldiak doakoak izango dira, baina izena eman beharko da izenemateak.arrasate.eus atarian, BAZen edo 943 25 20 00 telefono zenbakira deituta.
Halaber, Udaberriko turismo eskaintza liburuxka deskargatzeko aukera dago, hemen.
Bestelako ekintza batzuk ere bai
Bestelako ekintza batzuk ere jaso dituzte udaberriko turismo eskaintzaren baitan. Besteak beste, kirol lehiaketak –Arrasate-Udalatx, Musakolako BTT martxa, kuadrillen arteko errugbiko tokata-k eta enduroa–, auzoetako jaiak, azokak eta eskaintza kulturalak. Aitzina Biga, erraldoi eta kiliki topaketa eta musikaldia daude horien artean.