LABek ez du "behartutako kaleratzerik onartuko" Ekide enpresan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mar. 28a, 13:06

Enpresa batzordea duela bi aste, martxoaren 14an, batu zen zuzendaritzarekin, eta, sindikatuaren hitzetan, orduan jakinarazi zioten enplegu erregulazio espediente baten bitartez, enpresak hilabeteko epean hamabost pertsona kaleratu zitzakeela.

Martxoaren 27an, eguenean, egin zen kontsulta epeko bigarren bilera Ekideko zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien artean, LABek ohar baten bidez adierazi duenez, eta, horren ondoren jakinarazi du ez duela "behartutako kaleratzerik" onartuko: "Aldez aurretik, enpresak kaltetuen zerrenda negoziatzeko borondatea agertu zuen, enpresatik irteteko borondatea erakutsi dezaketen pertsonak bilatzeko ahalegina eginez. Sindikatuok, era berean, hitza eman genuen ez genuela zerrenda horretara sartzea erabakitzen duten langileen borondatearen aurka egingo". Halere, erantsi du, gaur-gaurkoz, enpresak "ez duela inolako urratsik egin" horri dagokionez.

LABen esanetan, EEEak kaltetutako langileak "modu hitzartuan" ateratzea ahalbideratzeko "modu bakarra kalte ordainak legez ezarritakoaren gainetik handitzea da", baina adierazi du enpresak dioela horrek arriskuan jarriko lukeela bere etorkizuna: "Guk gure buruari galdetzen diogu: goi zuzendaritzako soldatek ez dute arriskuan jartzen enpresaren bideragarritasuna? Sozietatearen administratzaileek 295.254,94 euro jaso zituzten 2021ean, eta 314.838,43, 2022an. Ohikoa izan da dibidenduen banaketa, hiru ekitalditan (2017, 2018, 2019) milioi bat euro baino gehiago atera baitzen enpresatik bazkideen artean banatzeko. Horretaz ari gara, halaber, egungo egoeraren errua zuzendaritzari egozteko orduan".

Hala, azpimarratu du "eskari argia" duela: "Kaltetuaren onespenik gabeko kaleratzerik ez, eta kalte ordainak hobetzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak