Errelebo bila, belaunaldi aldaketa bermatu dadin

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mar. 28a, 12:59

Arrasateko pertsona nagusien lau elkarteak, Abaroa, Toki Argi, Musakola eta Uribarri, eraldaketa eta berrikuntza prozesu betean daude, haien etorkizuna bermatzeko; funtsean, zuzendaritza batzordeetarako errelebo bila ari dira, arnasa berria hartzeko.

Arrasateko pertsona nagusien lau elkarteek belaunaldi berrien beharra dute euren etorkizuna bermatzeko. Horretarako, erretiroa hartu berri dutenen parte-hartze aktiboa sustatu gura dute, zuzendaritza batzordeak berritzeko eta elkarteetara aire berria eroateko.

Elkarte horiek lan baliotsua egiten dutela garbi dago, baina batzarretan erantzukizunak hartzeko prest dauden kide gutxi daude, eta, egun, erakunde horien buru direnek urteak daramatzate kargu horiek betetzen. Fernando San Miguel eta Andoni Altzelai dira horietako bi; bata Musakolako erretiratuen elkarteko presidenteordea eta bestea, Uribarriko erretiratuen elkarteko presidentea.

San Miguelek azpimarratu du egunerokoan "normal" funtzionatzen dutela, baina arazo nagusia batzordekide berriak lortzea dela. "Azken batean, lan boluntarioa izanik, konpromiso sozial eta morala eskatzen du. Asko kostatzen da erreleboa aurkitzea, baina gainontzeko bazkideei ere eskatuko nieke konpromiso hori. Ikusten dutenean batzordekideak hainbat urtez lan hori egiten ari direla, laguntzeko behar hori sentitu dezatela, batzordekide diren horiekiko errespetuagatik ez bada ere", aldarrikatu du. "Elkarte gastronomikoetan bi urtetik behin egiten dituzte aldaketak, sistema hala ezarrita daukatelako. Gure kasuan, halako zerbait egin beharko genuke, bukatzeko muga bat ezarri. Denok dugu atseden hartzeko eskubidea", gaineratu du.

Erretiratu berri direnak eta emakumezkoak gura dituzte, batez ere, zuzendaritza batzordeetan

Altzelairen esanetan, halaber, Uribarriko elkarteak bizi duen egoera ez da txarra, baina ezta ona ere. "Nire kasuan, 2016an sartu nintzen presidente, bi urterako, eta ia bederatzi urte daramatzat dagoeneko. Denbora gehiegi da pertsona bera presidente izateko, eta ez da komeni, gainera. Beraz, belaunaldi berrietako ordezkarien bila ari gara; hala ere, oso zaila da".

Konpromiso gehiagoren beharra

Gaineratu du erretiratuen etxeak "oso aberasgarriak" direla. "Denbora pasatzeko oso leku atsegina izateaz gain, jende berria ezagutzeko aukera ematen dute, baita ikasteko ere. Edozelan ere, hori hala izan dadin, batzuek lan egin behar dute, eta, gaur egun, erretiroa hartu berri dutenek ez dute gura halako konpromisorik. Hau da, erretiroaz gozatzea da haien lehentasuna, ardurarik hartu gabe". Horrekin lotuta, zera adierazi du Altzelaik: "Nik esango nieke lan larregi ere ez dela, eta animatu daitezela egiten dugun lana barrutik ezagutzera. Gu, gainera, prest gaude, eskuak zabalik, edozertan laguntzeko".

Musakolako elkartean gonbidapenak egiten dituztela azaldu du San Miguelek, baina alferrik: "Inork ez du pausorik ematen. Urtero orri bat jartzen dugu iragarki-taulan, baina zerrenda horretan sekula ez dut izen bat ikusi. Ez dakit zer gehiago egin genezakeen".

Bizipoz kooperatiba, funtsezkoa

Bizipoz kooperatibak funtsezko lana egiten du elkarte horiekin. "Egunerokotasunean laguntza ematea da gure helburua. Lan administratiboak, batzorde aldaketak, dirulaguntzak, kontu korronteen kudeaketa, kontabilitatea eta abar. Asko prest daude lan egiteko baina ez dakite ondo nola egin", dio Beatriz Santamariak, Bizipozeko kideak.

Horrez gain, Udalarekin bitartekari lanak ere egiten dituzte: "Dirulaguntzei buruz hitz egiten dugu Udalarekin, eta haien eskaerak ondo bideratzen laguntzen diegu. Izan ere, ekintza asko egiten dituzte, baina askotan ez dute jakiten horiek nola aurkeztu Udalari, dirulaguntzak jaso ahal izateko. Beraz, eskaerak zein justifikazioak egiten laguntzen diegu".

Zuzendaritza batzordeetan erreleboa gauzatzea da Bizipozen helburuetako bat: "Oso garrantzitsua da haientzat, besteak beste, teknologia berriak sustatzeko eta erabiltzeko. Arrasaten, esaterako, erretiratu berri direnek ez dakite zer egiten duten erretiratuen etxeetan, eta komunikazio hori funtsezkoa da jende berria erakartzeko".

Emakumezkoei dei berezia

Beste lehentasunetako bat emakumezkoak batzordeetan sartzea da. "Elkarteek ideia berriak behar dituzte, beste ilusio bat. Beraz, jende berria behar dute, gehienbat emakumeak, taldeak aberasteko", azaldu du Santamariak. San Miguelek zera gehitu du: "Ez dugu uste hain zaila denik guk egiten dugun lana. Gure helburuetako bat da batzordekideen erdiak izatea emakumezkoak, baina orain arte oso zaila izan da hori betetzea; ea lortzen dugun". Altzelaik, azkenik, nabarmendu du egoera "irauli" beharra dagoela. "Animatu daitezela; gugana etorri eta ezagutu ditzatela erretiratuen etxeak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak